Nafarroako Parlamentuak onartu zuen legea, 2013ko urrian, UPNk eta PPNk kontrako botoa eman bazuten ere, eta harrezkero fracking-a debekaturik zegoen herrialdean. Legeak zehazten du ezingo direla egin probak, eta gas ez-konbentzionala erauzteko ezingo dela erabili teknika hori.
Baina Espainiako Gobernuak helegitea jarri zion uztail honetan, eta orain helegite hori tramitera onartu du Espainiako Auzitegi Konstituzionalak. Lehenago Errioxako eta Kantabriako autonomia erkidegoek ere onartu zituzten fracking-aren aurkako legeak, eta biak baliogabetu zituen Konstituzionalak, Madrilen helegiteei arrazoi emanez.
Kantabriako legeari buruzko ebazpenean, Konstituzionalak zehaztu zuen autonomia erkidegoetako gobernuek eta parlamentuek ez dutela eskumenik haustura hidraulikoa debekatzeko. Nafarroako legeak bide bera hartuko du, ezustekorik suertatzen ez bada.
PPren gobernuaren helegitea tramitera onartu duela jakinarazteko oharrean, Konstituzionalak azaldu du auzitegiaren osoko bilkurak "dotrina ezarria" duela auziaren inguruan, Errioxako eta Kantabriako kasuetan oinarrituz, eta, beraz, Nafarroako legeak ere antzeko ezaugarriak dituelakoan, indarrik gabe utzi du.
Erabakiaren berri eman diete Espainiako Kongresuari eta Senatuari, zein Nafarroako Gobernuari eta Parlamentuari. Aldeek hamabost eguneko epea edukiko dute alegazioak aurkezteko.