Eusko Legebiltzarreko mahaiak atzera bota du haustura hidraulikoa debekatu nahi zuen lege herritarra eztabaidatzeko azken aukera.
Arabako Fracking Ez taldeak aurkeztu zuen herri ekimen legegile bat, urtarrilaren 31n, gas ez naturala lurretik erauzteko teknikari hori debekatu nahi zuena.
Eusko Legebiltzarreko mahaiak atzera bota zuen ekimen hura otsailaren 6an, EAJren, PPren eta PSEren aurkako botoekin. EH Bildu koalizioak helegitea jarri zion erabaki hari.
Herri ekimen legegilea tramitera onartzeko eskatuz, sinadura biltzen aritu da Arabako Fracking Ez taldea, eta egun gutxitan ia 4.000 lagunen babesa jaso du.
Legebiltzarreko bozeramaile batzordeak onartu egin zuen helegitea. Baina, gaur, mahaiak atzera bota du. EAJk eta PPk eman dute aurkako botoa. EH Bilduk leporatu die herritarren ekimena mespretxatu dutela.
Legebiltzarreko mahaiak argudiatu du organu horretan eztabaida bat ematekoa bada, ezinezkoa dela gai berari buruzko herri ekimen legegile bat tramitera onartzea.
Hain justu, legebiltzarrak herri ekimen legegilea eztabaidatzeari uko egin bazion ere, haustura hidraulikoa zenbait lekutan debekatzeari buruz hitz egitekoa da.
Arabako Biltzar Nagusiek egin zioten eskari hori; zehazki, natur gune babestuetan haustura hidraulikoa debekatzea galdegin zion. Eta eskaera horri buruz etabaidatzeko prest agertu da legebiltzarra.
Fracking-aren aurkako taldeetako ordezkariek legebiltzarreko batzordeetan agertu ahal izango dutela, eta herritarrek beren ekarpenak egin ahal izango dituztela azaldu du legebiltzarrak.