Abokatuen kontrako polizia operazioa

Fran Balda, Jon Mintegiaga eta Jabi Carballido espetxera bidali ditu Velasco epaileak

Asteleheneko polizia operazioan atxilotu zituzten abokatu guztiak askatu ditu Eloy Velascok. Arratsaldean hasi da Herrira-koak izatea egotzita atxilotutako hiruri deklarazioa hartzen, eta espetxera bidali ditu hirurak. Astelehenean atxilotutako bost abokatu eta Herrira-ko langile bat aske utzi zituen atzo epaileak.

Berria.eus
2015eko urtarrilaren 14a
10:24
Entzun

Hamabi abokatu atxilotuta, eta hamabi abokatu aske. Oraingoz hori da astelehenean Guardia Zibilak Auzitegi Nazionalaren aginduz abiatu zuen operazioaren emaitza. Atzoko bosten moduan, gaur ere aske atera dira epailearen aurrera eraman dituzten atxilotuak. Deklaratzeko falta zirenak arratsaldean eraman dituzte deklaratzera: Jon Mindegiaga izan da epailearen aurrera eraman duten lehena, eta espetxera sartzea erabaki du epaileak. Javier Carbadillo eta Fran Balda ere espetxera bidali ditu jarraian.

Jaione Karrera, Kepa Manzisidor, Aiert Larrarte, Ainhoa Baglietto, Alfontso Zenon, Atxarte Salvador eta Ane Ituño abokatuak izan dira goizean Auzitegi Nazionalean deklaratu dutenak. Fiskalak aske uzteko eskatu du, baina bakoitzari 50.000 euroko bermea ordainarazita. Epaileak, baina, ez du horrelakorik eskatu. Oraingoz ez dute jakinarazi, ordea, zer baldintzatan aterako diren aske. Horrela jaso du Alberto Pradilla Gara-k Madrilen duen kazetariak abokatuen irteera:

Atzo aske geratu ziren guztiak karguekin atera ziren Auzitegi Nazionaletik. Pasaportea kendu zieten, Espainiako Estatutik ateratzea debekatu, eta hilero sinatu beharko dute epaitegian. Neurrien artean abokatuei debekatu egin die kartzeletara "bisita antolatuak" egitea. 

Amaia Izko, Haizea Ziluaga, Eukene Jauregi, Arantxa Aparicio, Onintza Ostolaza eta Nagore San Martin atzo iluntzean utzi zituen aske epaileak, deklarazioa hartu ostean. Lehenengo bostak abokatuak dira, eta seigarrena, Herrira-ko langilea. Velascok seiak aske uztea erabaki zuen atzo. Inputatu gisa hartu zieten atzo deklarazioa seiei. Eferen arabera, abokatuei talde armatuarekin kolaboratzea edo hura laguntzea, dirua zuritzea eta BEZarekin iruzurra egitea egotzi die, besteak beste. Bideoa: atzo aske utzi zituzten abokatuen irteera ('Ahotsa.info').

[YouTube]http://youtu.be/t79V0UMZ-_4?list=PLoZ0YQH3O0uHIVriyiQWjtyH8Un82YbrB[/YouTube]

Epaileak agindu dituen neurrien artean, bost abokatuei espetxeetara «bisita antolatuak» egitea debekatu die instrukzioak irauten duen bitartean. Euskal preso ugari dira abokatu horien bezero. Efek dioenez, utziko diete kartzeletara bisitak egiten, baina betiere, aurrez aurrekoak baldin badira, «preso jakinekin eta ekinbide prozesal edo espetxealdi jakinei buruzko saioetarako».

Bestetik, San Martin Herrira-ko diruzaintzat jo du epaileak, eta debekatu egin dio Herrira-rekin lanean aritzea. Efe berria agentziaren arabera, erakunde terroristako kide izatea eta hura finantzatzea, badaezpadako neurriak haustea, Gizarte Segurantzari iruzur egitea eta zerga iruzurra eta dirua zuritzea egotzi dio.

Azeleragailua

Bai polizia operazioaren egunean eta baita atzo ere, jende oldea elkartu zen kalean atxilotuak aska ditzaten eskatzeko egindako mobilizazio ugaritan. Bilbon, ehunka lagun elkartu ziren. Maribi Ugarteburu Sortuko eledunak hartu zuen hitza protestaren hasieran. Esan zuenez, «Espainiako estatuak errepresioaren azeleragailua sakoneraino sakatu du». Euskal Herriak duen bakerako eta demokraziarako gogoa eta nahia zapuztu nahi izatea egotzi zion PPren gobernuari, horretarako espetxe politika eta botere judiziala baliatuz. Ez du espero Madrilgo gobernutik eskaintza demokratikorik. Horregatik uste du Euskal Herritik bertatik eraiki beharko dela jokaleku berri hori. Hori dela eta, dei egin zien «benetako demokrazia bat» eraiki nahi duten herritarrei larunbatean Donostian egingo den manifestazioan parte hartzera. Ildo beretik egin zuen Txelui Morenok Iruñean.

Euskal Herriaz gain, Bartzelonan ere ehunka lagunek parte hartu zuten elkarretaratzean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.