Bost urterako izango da hedabide talde publikoko presidente Delphine Ernotte Cunci ingeniaria (Baiona, 1966), Remy Pflimlin ordezkatuta. Bost telebista kate biltzen ditu France Televisionsek, eta Frantziako talde publikoaren historian aurreneko aldia da presidente kargua emakume batek beteko duena.
Le Monde egunkariak eginiko elkarrizketa batean, adierazi du "XXI. mendeko ikus-entzunezko enpresa bat" egitea dela bere asmoa: "Horrek esan nahi du saio berritzaileak eta zerbitzu publikoko informazioa proposatzea".
Ernotte Cuncik Parisko ingeniaritza Eskola Zentralean egin zituen ikasketak. 1989. urtean, 23 urte baino ez zituela, France Telecom telefonia operatzailean —egun Orange dena— hasi zen lanean, finantza aholkulari gisa. Enpresa horretan aritu da ordutik, hainbat lan eginez: ikerketa eta garapen saileko ingeniari eta ekonomialari lehenbizi, eta banaketa, komunikazio eta salmenta sailetan gero. 2006 eta 2008 bitartean Orangen 22.000 lanpostu suntsitzeko plan bat onartu zutenen artean zen Ernotte. 2011ko azarotik Orange Franceko zuzendari eragilea zen. Ikus-entzunezkoen arloan ez du esperientziarik.
Feminista eta antzerkizalea da Ernotte; Orangen emakumeen aldeko sare bat sortu zuen, eta emakume foroetan parte hartu izan du. 1999. urtean, Sceptick antzezlanaren taula zuzendaria izan zen.