Irlandako sindikaturik handiena da SIPTU, eta bertako ordezkaria da Frank Connolly. "Txarrena" pasatu dela uste badu ere, ez da Dublingo koalizio gobernua bezain baikorra.
Irlandako ekonomiarena arrakasta istorio bat da?
Troikako ordezkariak Irlandan daude egunotan, erreskate programa hitzartu bezala betetzen ari ote den aztertzeko. Hamabigarren eta azken aldiz etorri dira. Batzuk esango dute troikarekin dugun harreman berezi hori amaitzear dagoenez, hau arrakasta bat dela. Baina, datorren astean Irlandatik joaten direnean, oraindik neurri handi batean kondenatutako ekonomia bat lagako dute atzean. Bankuen kolapsoak hauspotutako estatuaren zorra eta zor pribatua handiak dira, eta beraz, ezin da esan arrakastaz atera garenik bost urteko aro erabat zailetik.
Arrakasta zer parametrotan neurtu, hor dago gakoa.
Jakina. Esaterako, langabezia tasa jaisten ari den arren [%13,6an dago], tasa handiagoa litzateke Erresuma Batura, Australiara, Kanadara eta AEBetara ihes egiten ari den gazteak kontutan hartuz gero. Inoizko emigrazio daturik larrienak ditugu: astero ehun lagun inguru joaten dira atzerrira. Beraz, langabezia, emigrazioa eta norbanakoen zor finantzieroa aintzat hartuta, herrialdeko barne ekonomia, praktikan, geldi dago. Eta susperraldian sartzeko, barne ekonomia hazi egin behar da, eta horretarako pizgarriak behar dira.
2014rako aurrekontuak kontrako norabidean doaz: murrizketaz beteta daude.
Egia esan, aurrekontu hauek ez die zuzenean eragingo langile gehienen soldatei eta zergei. Datorren urtekoak zazpigarren murrizketa aurrekontuak dira. Aurreko sei aurrekontuetan zuzenean murriztu zituzten langileen soldatak. Langile publikoei, adibidez, 2007tik soldata %14 jaitsi diete eta austeritate zergak ere jarri dituzte: lehen aldiz, esaterako, uraren gaineko zerga gehigarriak izango ditugu etxeetan 2014tik aurrera. Karga sozial unibertsal bat ezarri dute, eta hori gehiegizkoa da bereziki soldata txikienak dituztenentzat. Azken urteetan SIPTUk defendatu du austeritatea ez dela erantzun egokia ekonomia atzeraldian dagoenean. Beharrezkoa zena pizgarriak handitzea zen, lanpostuak sortzeko eta ekonomia hauspotzeko. Baina gobernua troikaren programapean zegoenez, ezin izan du horrelakorik egin. Austeritateak atzeraldian sakontzeko baino ez du balio.
Zergen karga «egokiago» banatzeko eskatu izan diozue gobernuari.
Presio fiskal handiena aberatsenei egiteko eskatu diogu, 100.000 eurotik gora irabazten dutenei behin-behinean zergak %3 eta %10 artean igotzeko. Gobernuak ez du onartu, besteak beste, gobernuko alderdi nagusia, Fine Gael eskuindarra, aberatsen alderdia delako. Aberatsei presio egiten ez dionez, desproportzioa sortzen du, zerbitzu publikoak murrizten dituelako eta ahulenak kaltetuko dituelako: gaixoak, nagusiak eta gazteak.
Analista askoren arabera, ordea, Irlandak ez ditu Greziak, Portugalek edo Espainiak beste zorroztu artaziak azken urteotan.
Grezian dozenaka mila langile publiko kaleratu dituzte gobernua ez zelako gai haien soldatak ordaintzeko. Irlandan desberdina izan da, sindikatuek itun bat lortu genuelako gobernuarekin: soldatak izoztearen truke, langile publikorik ez kaleratzea onartu genuen. Langileak babestu genituen, eta horrek egonkortasuna ekarri zuen zerbitzu publikoetara.
Horregatik dago Irlandan Europa hegoaldeko herrialdeetan baino gatazka sozial gutxiago?
Besteak beste, bai. Kalean liskar gutxiago izateko arrazoietako bat da, baina badaude gehiago. Otsailean ehunka mila lagun atera genituen kalera EBZren eta EBren eskarien kontra protesta egiteko. Bruselak berriro eskatzen zuen Irlandak ordaintzeko bankuen zor guztia. Zor horiek kobratzeko zain daudenak, hain zuzen, gorakadaren urteetan Irlandako ekonomiarekin espekulatu zuten Alemaniako eta Frantziako finantza erakunde handiak dira.
Zeintzuk dira, gaur egun, Irlandaren puntu gogorrak eta ahulak?
AEBetako eta Japoniako inbertitzaile handi asko ditugu Irlandatik esportatzen dutenak: Google, Facebook, Apple, Yahoo... Baina horrek ez du barne ekonomiaren ahultasuna konpontzen. Manufaktura eta industria sektore sendo bat falta zaigu. Beste arazo bat da atzerriko konpainia handi askok ez dutela behar luketen beste zerga ordaintzen [%12,5ekoa da sozietateen zerga]. Bestalde, AEBetan, eta orain EBn, ikusten diren susperraldi zantzuek mesede handia egingo die Irlandako esportazioei. Gure ekonomian ere ikusten ari gara zantzu batzuk, txarrena pasa dugula erakusten dutenak.