Maria Servini Argentinako epaileak ofizialki eskatu du Juan Antonio Gonzalez Pacheco Billy el Niño eta Jesus Muñecas Aguilar estraditatzeko. Agiria sinatua dago, eta orain Argentinako Kantzelergoaren esku. Hark igorriko dio Espainiakoari, bide diplomatikotik.
Eldiario.es egunkariak berri eman duenez, kausan inputatu zituen beste bi polizien estradizioa ere eskatu du Servini epaileak. Formalki hala egin behar du, nahiz eta Espainiak jakinarazi biak, Celso Galvan eta Jose Ignacio Giralte hilik daudela. Izan ere, biak hil direla egiaztatzen duen agiri ofizialik ez dio bidali Espainiak Argentinari.
Argentinako epaileak frankismoko krimenak ikertzeko irekia daukan ikerketaren barruan eskatu zuen lau poliziak atxilotu eta estraditatzeko. Ez zituela atxilotuko erabaki zuen Espainiako Auzitegi Nazionalak.
Krimen horiek aspaldi gertatu zirela eta atxilotuen aurkako akusazioak gehiegizkoak zirela adierazi zuen auzitegi nazionaleko fiskalak. Polizia haiek egindako delituak gizateriaren aurkako krimenak direla, delitu larriak, eta ez direla preskribatzen errepikatu du Argentinako epaileak.
Auzitegi Nazionalaren ezezkoaren aurrean, estradizio agindu formala igortzea erabaki du orain Servini epaileak. Espainiako Kantzelergoak, eskari ofiziala jasotakoan, Espainiako Justizia Ministerioari igorri beharko dio. Ministroen Kontseiluak erabaki beharko du eskariari segida eman edo ez. Baiezkoa emanez gero, Auzitegi Nazionalera pasatuko da auzia.