Eusko Legebiltzarrak frankismoko krimenen aurkako Argentinako kereilarekin bat egin du, 1936ko uztailaren 17tik 1977ko ekainaren 15era arte gertatutakoak ikertzen ari den kereila, eta babesa eskaini dio. Onartu berri den legez besteko proposamenean Legebiltzarrak "hitzematen du" beharrezko neurriak hartuko dituela 1936ko uztaileko altxamendu militarrak, erregimen frankistak eta estatu terrorismoak errepresaliatutakoei egiarako eskubidea bermatzeko, baita historia berridazteko egindako saiakerei aurre egiteko ere.
Horrez gain, Francisco Franco Bahamonde buru izan zuen 1936ko "altxamendu militar faxista" salatu du Eusko Legebiltzarrak, baita gerora ezarri zen "erregimen diktatoriala" eta oligarkien eta Eliza katolikoko hierarkiaren parte handi baten jokabidea ere. Halaber, legez besteko proposamenak herritarrei eskatzen die frankismoaren krimenen aurkako kereilarekin bat egiteko, bai kereilara gehituz, bai diktadura salatuz eta kereilari babesa emanez.
EAJk, EH Bilduk eta PSE-EEk 1936. urtetik gertatutako "zigorgabetasunarekin" bukatzeko garrantzia nabarmendu dute, eta, Espainiako auzitegiek horretan aurrera egin ez dutenez, Argentinan hasitako bideari babesa ematearen garrantzia oroitarazi dute. Auzitegietan gertatutakoa argitzea "zilegi" izateaz gain "beharrezkoa" ere badela gaineratu dute.
PPk altxamendu militarraren ondotik gertatutako krimen "guztiak" gaitzetsi ditu, "baita aurreko gobernu batzuek egindakoak ere", baina bat egin du Espainiako Auzitegi Gorenak gai horri buruz esandakoarekin. Hau da, ezin direla ikertu 36ko gerran eta frankismoan gertatutako krimenak.
UPDk trantsizioan egindako lana goratu du, eta EAJri eta PSE-EEri leporatu die EH Bildurekin elkartea legez besteko proposamena.