Frankismoaren biktimak aitortzeko eta dagokien erreparazio integrala emateko, memoria historikoaren lege proposamena aurkeztu du EH Bilduk Eusko Legebiltzarrean. Julen Arzuaga legebiltzarkideak adierazi duenez, biktima “guztiak” hartu nahi ditu bere barnean legeak, “inongo baldintzarik gabe”: kolpe faxistak, ondorengo gerrak eta diktadura garaiak eragindako biktimei erantzun asmo die. Azpimarratu duenez, lege “sendo eta mamitsua” da.
Biktimei erreparazio “osoa” emateko ekimen “berriak, sendoak eta sakonak” proposatzen ditu, Arzuagaren hitzetan: “Horretarako egon behar diren politika publiko guztiak aintzat hartuko ditu”. Hain zuzen, Espainiako Memoria Historikoaren legeak dituen mugak salatzen dituela adierazi du, bete gabe dauden atalak hartu eta EAEko erakundeen bitartez garatzeko asmoz egindakoa: “Finean, gure helburua da gizarteak frankismoko biktimekin duen zorra guztiz kitatzea”. Proposamena osatzeko prozesua “luzea” izan dela azpimarratu du; biktimekin, adituekin eta memoria elkarteekin egin baitute.
Proposamen “zabalagoa"
Duela bi aste, Elkarrekin Podemosek aurkeztu zuen frankismo garaiko epaiketak bertan behera uzteko lege proposamena. Harekin alderatuta, baina, EH Bilduk aurkeztu duen proposamena “zabalagoa eta osatuagoa” dela adierazi du Arzuagak, lege proposamen hark gai bakarrari heldu baitzion. “Kapitulu edo artikulu bakarra zeukan hark. Guk hori ere jaso dugu, baina beste modu batera; guk proposatzen duguna zabalagoa da". Legeak guztira 45 artikulu ditu.
Proposamen hura ez zen aurrera atera, EAJk eta PPk aurka bozkatu baitzuten —Eusko Jaurlaritzak eskumenik ez zuela argudiatu zuten jeltzaleek—, eta PSE-EE abstenitu egin zen. EH Bilduk bakarrik babestu zuen. Bada, beste hau onartua izateko “inongo aitzakiarik” ez dagoela adierazi du Arzuagak, eta legebiltzarrak horretarako eskumenak badituela gogorarazi du.