Frankismoaren biktima «guzti-guztiak» omendu nahi ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak, oraindik ez dutelakoan jaso «merezitako aitortza». Horretarako ekitaldia egingo du abenduaren 14an, diputazioaren egoitza nagusiko Tronu Aretoan, Donostian. Aldundiak alderdi politiko eta sindikatu guztiak gonbidatu ditu ekitaldira; kulturaren, sexu identitatearen eta hizkuntza eskubideen alde lanean ari diren taldeak, eta frankismoaren biktimen senideen elkarteak ere gonbidatu ditu ekitaldi irekira. Omenaldia «askotarikoa» izatea nahi dute foru arduradunek, frankismoaren errepresioak gizarteko sektore anitz jo zituela iritzita.
Marina Bidasoro Foru Aldundiko Giza Eskubideen eta Memoria Historikoaren zuzendariak eman zuen ekitaldiaren berri, atzo, Donostian. Diktadura ezarri zenetik 75 urte bete dira aurten, eta Giza Eskubideen Nazioarteko Eguna izango da abenduaren 10ean. Urteurren eta data horiek aintzat hartuta antolatu dute hilaren 14ko omenaldia. Frankismoa eskubide sindikalak, politikoak eta zibilak, hizkuntza eskubideak, adierazpen askatasuna eta beste hainbat eskubideren urraketan oinarritu zela oroitarazi du Memoria Historikorako zuzendariak.
«Eskubide urraketaren eta ukazioaren etapa ilun hura hasi zenetik», 75 urte joan diren arren, «diktadura frankistaren biktimek ez dute merezitako aitortzarik jaso oraindik», Bidasororen hitzetan. Adibide gisa aipatu du herritar askok oraindik ez dakitela beren senideak non dauden lurperatuta. Frankismoko biktimen «kontakizuna isildu» egin dela ere salatu du Memoria Historikorako zuzendariak.
Aldundiak antolatutako ekitaldiak memoria berreskuratzeko ekimena izan nahi du, beraz. Omenaldian foru aldundiko ordezkariak izango direla ere jakinarazi du Bidasorok, eta erantsi du diputazioak memoria historikoarekin eta giza eskubide guztiekin duen «konpromiso argiaren» erakusle dela ekitaldia.
Ekitaldi xumea izango dela azaldu du Bidasorok. 18:30ean hasiko da, eta bi hizlarik parte hartuko dute: Pako Etxeberria auzi mediku eta hobi komunen ikertzaileak, eta Josu Chueca historialariak. 1936ko gerrako eta frankismoko hildakoez eta desagertuez hitz egingo du Etxeberriak, eta garai hark ekarri zuen eskubideen urraketaz ariko da Chueca.
Bonbardaketatik 75 urtera
Heldu den urteko apirilean beteko dira 75 urte hegazkin faxistek Gernika bonbardatu eta herrian sarraskia egin zutenetik. Dagoeneko abian da urteurrenerako ekitaldiak antolatzeko batzordea. Abenduaren 17an, larunbatarekin, bilera egingo dute, Gernika-Lumoko kultur etxean, goizeko hamarretan. Urteurrenerako programa atontzen hastea da bileraren asmoa.
Frankismoaren biktima «guztiak» omenduko ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak
«Kontakizun isildua» berreskuratu nahi du diputazioak, biktimek «merezitako aitortza» jaso ez dutelakoan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu