Donostiako Udalean ordezkaritza duten lau alderdietako —Bildu, PSE-EE, EAJ eta PP— ordezkariek parte hartu dute, gaur eguerdian, frankismoaren biktimak omentzeko ekitaldian.
Udalbatzen aretoa bete dute, eguerdian, biktima haien senideek eta memoria historikoaren alde lanean diharduten taldeetako ordezkariek.
1936ko gerran eta ondoren urteetan 400 pertsona inguru hil zituzten Donostia inguruetan. Biktima horiei justizia "ukatu" egin zaiela nabarmendu du Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak.
Herriek "beren historia" ezagutzeko eskubidea dutela adierazi du alkateak: "Bere historia ezagutzen ez duen herria herri ezjakina da; bere historia ezagutzen eta onartzen ez duen herria zauritutako herria da". Etorkizuna eraikitzeko, Izagirrek beharrezko jo du iragana ezagutzea.
Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia eta Lohitzune Txarola Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidentea ere ekitaldian izan dira, Bilduko, PSE-EEko, EAJko eta PPko udaleko zinegotziekin. Ikus-entzuneko bat eman dute ekitaldian, eta biktimen senideetako batzuek ere hitza hartu dute.
Segidan eskultura bat agertu dute, udaletxearen aldamenean. Amaia Mateos eta Tomas Villanuevak egin dute artelana, 400 zulo dituen plantxa bat. Biktimen senideei ere artelanaren erreplika bat eman diete.