Omenaldi ekitaldian parte hartu dute 250 biktima baino gehiagok, Gipuzkoako Foru Aldundiko areto nagusian. Hain justu, areto horretan geldituko da ikusgai aldundiak frankismoaren biktimei eskaini dien domina.
Frankismoaren biktimen memoria hurrengo belaunaldiei transmititzearen garrantzia nabarmendu du Olanok omenaldi ekitaldian egin duen hitzaldian. Adierazi duenez, "frankismoaren atzaparkadak jasan zituztenek ez zuten sekula duintasuna galdu", baina ohartarazi du egungo gizarteak berea gal dezakeela "haien memoria zaintzen ez badugu".
Olanok ziurtatu du historia "garaileek" idazten dutela, eta frankismoa ez dela horretan salbuespena izan. Horregatik, erakunde publikoen beharra da memoria berreskuratzea, Olanoren esanetan. "Historia guztiona da eta argazki osoa behar dugu". Memoria eskuratzeaz gain, hura "era zintzoan" transmititzeko beharra ere nabarmendu du.
Frankismoaren biktimen kolektiboa "oso zabala" dela adierazi du ahaldun nagusiak, eta Urrezko Domina guztiei zuzenduta dagoela azaldu du: "bizia galdu zutenei, epaiketarik gabe exekutatu zituztenei edo prozesu sumarisimo baten ondoren fusilatu zituztenei". Gogorarazi duenez, frankismoak 1.000 gipuzkoar baino gehiago exekutatu zituen eta 400 baino gehiago fusilatu. Horrez gain, "kartzela, erbestea, tortura edota konfinamendua sufritu dutenei", "errepresio sozioekonomikoa jasa zutenei" eta "eskubide sozial, kultural, zibil eta politikoak urratu zizkienei" ere eskaini die aitortza.
Ekitaldian izan dira foru gobernuko diputatuak, Eusko Jaurlaritzako hainbat sailburu, Gipuzkoako hainbat udalerritako alkateak, eta EAJ, EH Bildu, Elkarrrekin Podemos eta PSEko zenbait ordezkari.