Diktaduran, preso politikoen askatasunaren aldeko antifrankisten aldarria bere egin zuen frankismoak 1977an, hala 36ko gerran zein ondorengo erregimen frankistaren egindako krimenak zigorgabe geratzeko. Juridikoki gaia Zuzenbidearen hainbat esparrutatik landu bada ere, Roldan Jimenok nabarmendu du lehen aldia dela ikuspegi oso eta orokor batetik aztertua dela. Hain zuzen ere hori egiten du Pamiela argitaletxeak kaleratutako liburuak: Amnistías, perdones y justicia transicional. El pacto de silencio español (euskaraz, Amnistiak, barkamenak eta justizia trantsizionala. Isiltasun espainiarraren ituna).
Gaur goizean aurkeztu du liburua Roldan Jimeno NUPeko Zuzenbide Historia irakasleak, Amaia Alvarez ikerlari eta NUPeko irakaslearen laguntzaz. Roldanek Galwayko Unibertsitatean, 2015-2016 ikasturtean, egindako ikerketaren emaitza da. Ikerketa ingelesez idatzi zuen, eta, gaztelerazko edizioa lantzerakoan eta garai historikoaren berri ematerakoan, ingelesezko irakurlearentzako dibulgazio tonu hori mantentzea "egoki" ikusi zuen egileak.
Aurkezpenean, Roldan Jimenok nabarmendu du nazioarteko beste adibideekin alderatzen duela Espainiako kasua, eta hain zuzen hortik erator daiteke ondorio nagusietako bat: "Europan ez dago halako beste adibiderik", aipatu du eta ñabardura gisa, nazismoaren garaiko Austriako kasua aipatu du. "Justizia trantsizionala ikasteari ekin nionean, hasieratik azpimarratzen zen Espainiako kasua egin behar ez denaren eredu dela", azpimarratu du, bere aldetik, Amaia Alvarezek, liburuaren aurkezpenean.
Perspektiba historikoari begira, Roldan Jimenok azpimarratu du 1976ko eta 1977ko Aministien Legeen aurretik, frankismoan bertan, "aurrekari garrantzitsuak" egon zirela. Nazioarteari begira, nolabaiteko irekitasuna agertu nahi zuen bakoitzean, diktadurak halako keinuak egiten zituen. Liburuak horiek aztertzen ditu. Gogora ekartzen du baita ere, frankismoaren hondarrean, 1974an, Erresuma Batuko laboristek krimen frankisten arduradunak epaitzeko ahalegina egin zutela, baina azkenean alboratua izan zen saio hura.
Halaber, garai hartan bertan, Grezian edo Portugalen, diktaduretako arduradunak bai izan ziren epaituak eta zigortuak. "Espainiako kasua bakarra eta berezia da, baita garaiko testuinguruan ere". 1977ko Aministiaren Legea Konstituzioaren aurretik onartua izan zela azpimarratu du, eta diktadurako krimenen "isiltasun ituna" izan zela azaldu du. Ideia horri zor dio izenburua liburuak.