Frankismoko agintari ohiak epaitzeko beharra berretsi egin du NBEk

Espainiari ohartarazi dio bere betebeharra dela giza eskubideak urratu dituztenak auzitara eramatea edo estraditatzea.Lau adituk sinatu dute txostena.Biktimak «babesgabe» daudela erran dute

Espainiako Atzerri ministro Jose Manuel Garcia Margallo, iaz, NBEko kontalari berezi Pablo de Greiffekin. ZIPI / EFE.
edurne elizondo
2015eko martxoaren 28a
00:00
Entzun
Gaizki ari dela ohartarazi dio Nazio Batuen Erakundeak Espainiari. Ez dela egiten ari derrigorrez egin beharko lukeena. Argentinan, frankismoko hemeretzi ministro eta polizia inputatu dituzte, eta harat estraditatzeko eskatu zuen Maria Servini epaileak 2014an. Espainiako Gobernuak ez du agindua bete, orain arte; batetik, Argentinak Espainian egindako delituak ikertzeko eskumenik ez duela argudiatu zuen, eskaera jaso zuenean; eta, bertzetik, delitu horiek iraungita daudela, Espainiako legeen arabera. Argudio horien kontra egin du orain NBE Nazio Batuen Erakundeak; etagogor, gainera. Argi eta garbi erran dio Espainiako Gobernuari bi aukera dituela: frankismoko krimenen erantzuleak bertan epaitzea, edo Argentinara estraditatzea, han epai ditzaten. «Derrigorrez egin behar du hori Espainiak», NBEk nabarmendu duenez, «biktimei justiziarako bidea segurtatzeko, eta egia jakiteko duten eskubidea bermatzeko».

NBEko lau ordezkarik sinatu dute Espainiako Gobernuari helarazitako gutuna: Ariel Dulitzkyk, desagertze behartuak ikertzeko lantaldeko presidenteak; Christof Heynsek, exekuzio estrajudizialei buruzko kontalari bereziak; Juan Mendezek, torturari buruzko kontalari bereziak; eta Pablo de Greiffek, egiari, justiziari eta ordainari buruzko kontalari bereziak.

Lau adituok irmo egin dute Espainiako Gobernuak frankismoko agintari ohiak ez estraditatzeko mahai gainean jarritako argudioen kontra. «Ez dute batere oinarririk», erran dute, eta erantsi dute Espainiako Gobernuak ez dituela aintzat hartu giza eskubideen alorreko nazioarteko estandarrak. Alderantziz, hartutako erabakiaren bidez, Espainiak estandar horien aurka egin duela salatu dute NBEko kontalariek. Haien hitzetan, frankismoaren krimenak ez daude iraungita, gizateriaren aurkako krimentzat jo daitezkeelako, eta horiek ez direlako inoiz iraungitzen.

Argentinak frankismoarenkrimenak ikertzeko duen eskumenaren inguruko eztabaidari buruz ere argi mintzatu dira NBEko adituak. Espainiak epaile argentinarrek eskumenik ez dutela defendatu du, baina adituok iritzi horren kontra egin dute, eta gogoratu dute Espainiak delitu horien inguruko inolako ikerketarik ez duela egin, urteotan guztietan. «Torturak eta desagertzeak gertatu ziren, bai eta exekuzioak ere», azaldu dute NBEko ordezkariek.

Hainbat txosten, kontra

Oraingoa ez da lehen aldia Nazio Batuen Erakundeak Espainiari kontu hartzen diona. Lehen ere salatu izan du erakunde horrek Espainiak frankismoaren krimenak ikertzeko borondaterik ez duela, eta biktimen aldeko neurririk hartzen ez duela. Iazko uztailean eta abuztuan, hain zuzen ere, hilabete eskaseko denbora tartean, bi txosten helarazi zizkion NBEk Espainiako Gobernuari. Europako Kontseiluak ere kontuak eskatu zizkion Espainiari, 2014an.

Iazko abuztuan, oraingo txostena sinatu duen Pablo de Greiffek zenbait biktimarekin eta Espainiako Gobernuko hainbat ordezkarirekin bilerak egin zituen. Bilera haien harira, frankismoko krimenak ikertzeko dauden zailtasunak salatu zituen giza eskubideetarako kontalari bereziak. Kritikatu zuen, halaber, Espainiak Amnistia Legea hagitz modu murriztailean interpretatzen duela, eta hildakoen arrastoak hobietatik ateratzen ez duela laguntzen.

Orduko salaketak berretsi ditu adituak orain, bertze hiru kiderekin batera sinatutako txostenaren bitartez. Agiri hori eskertu eta txalotu egin dute CEAQUA Argentinako Kereilaren aldeko eta Frankismoaren Krimenen aurkako Espainiako plataformako kideek, hain zuzen ere. «Biktimak babesgabe daudela berretsi dute adituek», plataformako arduradunek nabarmendu dutenez. Erantsi dute adituok Espainiako Gobernuaren jarrera «bertze behin agerian» utzi dutela. «Nazioarteko erakundeak gure alde dira», berretsi dute, ohar baten bidez.

Babesgabetasunak eraman zituen frankismoaren biktimak Argentinara, 2010. urtean. Kereila aurkeztu zuten Buenos Airesen, eta pauso haren harira egin ditu Maria Servini epaileak orain arte egindako urratsak. Frankismoko hemeretzi agintari estraditatzeko eskatu zuen iaz, prozesu horren baitan, baina ezezkoa jaso zuen. Agintari horiek Espainian bertan epaitzen ez badituzte, estradizioari derrigorrez baiezkoa eman behar diola gogoratu diote NBEko ordezkariek, orain, Madrilgo Gobernuari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.