Frankismoko hemeretzi agintari eta poliziak estraditatzeko eskatzeaz gain, 1976ko martxoaren 3an Gasteizen gertatutakoak "justifikatu eta babesten" dituzten adierazpenak gaitzetsi ditu Gasteizko Udalak, onartutako mozioan . Bertzeak bertze, joan den astean Iñaki Oiarzabal PPko buruzagiak egindako adierazpenak salatu dituzte. Hain zuzen, Oiarzabalek adierazi zuen urte hartako martxoaren 3an gertatutakoa —bost langile hil zituzten Gasteizen— "jendeak estututa" zegoen Poliziaren "gehiegikeria" izan zela.
Martxoak 3 elkarteak, bere aldetik, mozioaren bozketan PP abstenitu izana gaitzetsi du. Elkartearen hitzetan, jarrera horrek erakusten du PPk inpunitatea "babesten" jarraitzen duela: "Ekintza kriminal hura antolatu zuten arduradun politikoak babesten ditu". PPk komunikabideetan hilketak gaitzesten dituela erran arren, gero alderdiaren sinesgarritasuna zalantzan jartzen duen "fartsa" bat antzezten duela gaitzetsi du Martxoak 3 elkarteak.
Joan den urriaren 30ean eskatu zuen Maria Servini epaileak frankismoko hemeretzi agintari eta polizia estraditatzeko, baina erabakia gibelera bota eta ez dituzte atxilotu. Horien artean da Rodolfo Martin Villa Sindikatuen Harremanetarako ministro ohia. 1976ko martxoaren 3ko Gasteizko gertakariekin lotuta eskatu dute hura atxilotzeko.