Memoria Historikoa

Frankismoko krimenen aurkako plataforma ez da joango gaur Arabako Aldundiaren ekitaldira

Frankismoko biktimak oroitzeko ekitaldia antolatu du gaurko Arabako Aldundiak. Plataformak PPren jarrera salatu du, "biktimak omendu eta, aldi berean, biktimarioen inpunitatea babestea hipokresia hutsa" delako.

Martxoaren 3ko biktimen elkartea da Frankismoko krimenen aurkako euskal plataforma osatzen duten kideetako bat. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS
2014ko abenduaren 4a
07:28
Entzun

Frankismoak errepresaliatutako pertsonak omentzeko ekitaldia antolatu du Arabako Foru Aldundiak gaurko. Ondorioz, gonbidapena egin dio Javier de Andres ahaldun nagusiak frankismoko krimenen aurkako euskal plataformari. Horrek, ordea, uko egin dio ekitaldian parte hartzeari. PPk frankismoko krimenen inguruan duen jarrera izan da arrazoi nagusia, izan ere, plataformaren iritziz "hipokresia hutsa da biktimak omendu eta, aldi berean, biktimarioen inpunitatea babestea".

Azken hilabeteetako gertakariak jarri ditu plataformak jarrera horren erakusle. Gasteizko Udalean martxoaren 3ko hilketen edozein justifikazio baztertzeko eta Espainiako Gobernuari Argentinako epaitegi batek frankismoko krimenen hemeretzi arduradun atxilotzeko ateratako autoa bete dezala eskatzeko mozioa eztabaidatu zen joan den azaroaren 24an. PPk, ordea, abstenziora jo zuen. Edonola, "gai honen inguruan iritzia emateko aukera berri bat" izango duela jakinarazi dio plataformak PPri, hurrengo asteetan antzeko mozioa eztabaidatuko baita Arabako Biltzar Nagusietan. Alde horretatik, "frankismoak errepresaliatutako milaka arabarrei egin ahal dion omenaldirik onena" mozioa onartzea eta Argentinako prozesua babestea dela gogorarazi dio plataformak PPri.

Bitartean, "frankismoko inpunitatearen aurkako borrokak gaur egun duen garrantzia" azpimarratuta, gaurko ekitaldira ez joatea erabaki du frankismoko krimenen aurkako euskal plataformak. Gainera, biktimak omentzeko deia egin die alderdi politiko guztiei, Argentinako kereila babestuta eta Espainiako Gobernuari Servini epailearen aginduak betetzeko eskatuta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.