zientzia

François Englerti eta Peter Higgsi eman diete 2013ko Fisikako Nobel saria

Aurreikuspenak bete dira. Gaur egun 'Higgs bosoia' izenarekin ezagutzen den partikularen inguruan egindako lanagatik saritu dituzte.

Peter Higgs.
2013ko urriaren 8a
13:27
Entzun

Higgs bosoiaren aurkikuntza gertatu berria zen iaz, sarien atarian, eta epaimahaikideek ia ez zuten izan haren hautagaitza hartzeko astirik ere. Horregatik, aurten, inor gutxik pentsatzen zuen bera ez zela izango irabazlea. Saria norekin partekatuko duen izan da galdera, 106 sarietatik 47 soilik izan baitira irabazle bakarrarentzat: François Englertek Peter Higgsekin batera proposatu zuen objektuek unibertsoan hartzen duten masaren mekanismoa.

Hamarkadak egin dituzte fisikariek haren bila. Higgs bosoia partikulen fisikako eredu estandarrean teorikoki aurreikusten zen partikula da. Genevan, CERN laborategian eman zuten iaz horren berri: Higgs bosoiak 125 GeVko masa du.

Sariaren berri eman bitartean behin eta berriz aipatu dute CERN eta ATLAS proiektua, azken finean haiek egiaztatu dutelako Higgs bosoia izan badela, baina sari honek teoria garatu zutenei egiten die gorazarre.

Peter Higgsek arkatz eta paperaren laguntza soila besterik ez zuen behar izan sekula ikusi gabeko partikula bat badela azaltzen duten ekuazioak idazteko. 1964. urtea zen. Egungo partikulen fisika sostengatzen duen eredu estandarrak funtzionatzeko, ezinbestekoa da partikula hori: Higgsen bosoia. Edinburgoko Unibertsitateko fisikariaren ekuazio horiek ahalbidetzen dute unibertsoko partikulek masa edukitzea; beste modu batera esateko: masa hori azaltzen dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.