Frantziako Gobernuak ez du Konstituzioaren bigarren artikulua aldatzeko xederik -Errepublikako hizkuntza frantsesa dela dio artikulu horrek-. Hala ziurtatu zuen maiatzaren 7an Christine Albanel Kultura ministroak, Asanblea Nazionalean "eskualde hizkuntzei" buruz izan zen eztabaidan -lehen aldiz aritu ziren horretaz han-. Hori hala izan arren, frantses hizkuntzaren akademiak gaur ohartarazi du "eskualde hizkuntzak" Konstituzioaren aldaketarako egitasmo batean sartzen badira, hori "identitate nazionalaren kontrako erasoa" izango dela, eta aldaketarik ez egiteko eskatu du.
Gobernuak maiatzeko bilkura hartan esan zuen frantsesa "defenditu" behar dutela, "baina beste hizkuntzak ahantzi gabe. Hizkuntza bat osoki bizi da, gizartean erabilia baldin bada", eta estatuan dauden hizkuntza gutxituei buruzko lege proiektu bat "laster" aurkeztuko duela iragarri zuen. Hizkuntza horiek "errespetatzeko prest" dela zioen -euskara, bretoiera, kortsikarra, katalana...; ia 75 "eskualde hizkuntza" daude Frantziako estatuan-. Parlamentuak ia aho batez onartu zuen asmoa.
Frantsesaren akademiak lege egitasmoa erretiratzeko eskatu du. "Helburu horiek beste nonbait azaldu behar dute, ez Konstituzioan", esan du "salbuespentzat" jo duen idatzian. 1635ean sortu zuten akademia; berak dioen bezala, "frantses hizkuntza babesteko eta sustatzeko".
NBE Nazio Batuen Erakundeak hizkuntza gutxituen ofizialtasunaren aitortza ezin duela saihestu jakinarazia dio Frantziari. 2001ean, hizkuntza gutxituen eta hizkuntza horiek baliatzen dituzten komunitateen eskubideak errespetatzeko eskatu zion. Horrez gain, Europako hizkuntza gutxituen ituna izenpetzeko eskatu zion.
Gizartea
Frantsesaren akademiak hizkuntza gutxituei buruzko lege egitasmoa ez egiteko eskatu du
Frantziako Gobernuak Konstituzioaren bigarren artikulua aldatzeko asmorik ez izan arren, laster lege proiektu bat aurkeztuko du eta "eskualde hizkuntzak errespetatzeko prest" agertu da. Akademiaren ustez, "identitate nazionalaren kontrako erasoa" litzateke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu