Frantxua Maitia (EEP)

Frantxua Maitia: "Isiltasuna izan da, baina ideia ez da bazter utzi; bozkariatzen naiz"

arantxa iraola
2015eko ekainaren 5a
07:33
Entzun

Bozkarioa. Hitzean eta hortzean darabil EEP Euskararen Erakunde Publikoko lehendakari Frantxua Maitiak hitza. Hollanderen keinuak, haren ustez, erakusten du ez duela bazterrera utzi hizkuntza gutxituen alde hauteskunde kanpainan erakutsi zuen jarrera. Itunaren aldeko urratsa, gainera, beste erabaki batzuen abiapuntua izan daitekeen itxaropena du.

Hollandek egin du jakinarazpena. Zer gogoeta eragin dizu?

Aipatua zuen bere hauteskunde kanpainan, 2012an, Frantziak itun hori berretsi behar zuela. Presidenteak bere esku zuen lege konstituzional bat proposatzea, eta egin izanak erakusten du ez duela utzi borroka hori. Isiltasun bat izan da zenbait hilabetez, baina ez ideia bazter utzi. Ez da fini, baina ez da bazter utzi; hori gauza ederra da. Hortaz, bozkariatzen naiz ideia handi hori segitua izan dadin, eta itxaropen handia dut parlamentuak onartuko duela lege hori. Herrialde askok dute onartua Europako Kontseiluak proposatutako itun hori, eta berriz heldu da, normal den bezala, Frantziak dituen mintzaira menperatuak behar baitira baloratu.

Zenbait taldek kezka azaldu izan dute: onura ez baizik kaltea ekar ote dezakeen lege konstituzional horrek...

Niri ez zait iruditzen, baina oraindik ez da lege proiektua idatzia. Beharko da ikusi nola idatzia den, eta orduan egin beharko dira komentario batzuk. Baina, hala ere, nik ikusten dut pauso handi bat izan dela Frantzian, ezagupen bat  mintzaira menperatuei begira, eta, beraz, urrats bat aitzina. Horrek ez du erran nahiko, lege minimo bat baldin bada, gu geldi gaitezkeenik minimo horretan; jadanik urrunago joaten ari gara. Hemen beste gune batzuetan baino abantzatuago gara, eta gure xedea, EEP barruan, behar diren esperimentazioak egiten segitzea eta aurrera joatea da. Ez bakarrik ikastea mintzaira, baita baliatzea ere, gizarte mugimendu guztietan.

Iruditzen zaizu Ipar Euskal Herrira itunak onura jakinen bat ekarriko duela bereziki?

Uste dut baietz, baina biziki zaila zait esatea lege proiektua ikusi gabe; ikusi behar da nola idatziak diren gauzak, eta, ororen buru, parlamentuak nola onartuko duen azkenean proposamena.

Zer itxura hartzen diozu proposamenak hemendik aurrera egingo bideari? Hizkuntza gutxituen aldeko haizerik bada?

Neuk ez nuen uste parlamentuak gehiengo zabal bat emango zionik itunari izan diren debateetan. Eta Frantziak berresten badu, iruditzen zait ireki izaten ahal direla ateak lege berezi batzuei buruz Frantziako hizkuntza menderatuen alde. Espero dut bide horretan izanen garela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.