FRANTZIA. KONSTITUZIOAREN ERREFORMA. Hizkuntza gutxituak Frantziako ondare gisa agertuko dira Konstituzioan

Frantziako erakundeen aldaketarekin batera, hizkuntza gutxituei ondare aitormena egitea onartu du Kongresuak

Aitor Renteria.
2008ko uztailaren 22a
00:00
Entzun
Frantziako diputatu eta senatariek, Kongresuan bildurik, onartu dute Frantziako erakundeen erreforma, eta horien barruan, hizkuntza gutxituen ezagutza, ez hizkuntza legez, baizik eta Frantziako ondarearen parte gisa. Engoitik euskara «Frantziako ondare» dela aipatuko du Konstituzioak. Konstituzioaren aldaketa proposamena bezala, boz bakar baten aldearekin onartu dute zuzenketa. Kongresuak ez du zuzenketa eztabaidatu, bozketa osokoa izan da. Eskuinaren eta zentristen bozekin onartu da beraz aldaketa, ezkerrak ezezkoa eman baitio aldaketari, hizkuntza gutxituen aipamena sostengatu arren.

Hizkuntza gutxituak Frantziako Konstituzioan sartzeko prozedura bera mespretxagarritzat hartua izan da Ipar Euskal Herrian, Bretainian, Alsazian edo Korsikan. Neholako kontsentsurik landu gabe, maiatzaren 22an Jean-Luc Warsmann diputatuak konstituzioko lehen artikuluan hizkuntza gutxituak Frantziako ondarearen parte dira aipamena sartzea proposatu zuen, zuzenketa baten bidez. Urte luzeetan hizkuntza gutxituen ezagutza eskatu duten eragileek ez zuten ekimenaren berri.

Ohi bezala, zuzenketa hori gauez aurkeztu zuten Frantziako Parlamentuan, bozkatzeko diputatu gutxiago dauden tenorean. Hala ere, Rachida Dati Justizia ministroaren oniritzia jaso zuen eta proposamena bere horretan onartuko zutela pentsatu zuten eragile anitzek.

Hizkuntza gutxituak Frantziako Konstituzioan sartzeko zuzenketa bertze hainbat zuzenketen tartean proposatu zuten, Frantziako erakundeen erreforma baliatuz. Frantziako senatariek, aldiz, ez zuten begi onez ikusi erakundeen erreformaren proposamena eta bertze hainbat ataletan bezala, diputatuen proposamenari ezezkoa eman zieten. Ez nolanahikoa gainera. Ekainaren 18ko eztabaidan 216 senatarik zuzenketaren aurka bozkatu zuten, eta 103k alde.

Tartean giro politikoa berotu zuen usaian adierazpenik egiten ez duen Frantses Akademiak, senatarien bozketa baino bi egun lehenago. Frantses Akademiak Frantziako Konstituzioko bigarren artikulua ekarri zuen gogora, non azaltzen den «Errepublikako hizkuntza bakarra frantsesera» dela. Hizkuntza gutxituen aipamena konstituzioko lehen artikuluan kokatzen zela azpimarratu zuen Frantses Akademiak, eta hizkuntza mailako ezagupenik ez aitortu arren, «iraingarria» zela salatu zuen. Frantsesera bigarren mailan ezarri eta hizkuntza gutxituak hobesten zirela salatu zuen. Hizkuntza gutxituak «errespetatzearen» aldekoa zela adierazi zuen Frantses Akademiak, baina horretarako baliabideak ematea aski zela erran zuen, ez zela beharrezkoa aipamena egitea konstituzioan.

Frantses Akademiaren adierazpenak eta senatarien bozketak areagotu zuten, euskalgintzaren baitan, mespretxu sentsazioa. «Faxismo linguistikoa» deitoratu zuen Jean Louis Davant euskaltzainak orduan. Frantziak «jacobismorik atzerakoiena» erakutsi zuela erran zuten eragile gehienek.

Ustegabean, berriz ere, diputatuek konstituzioko lehen artikuluan ezarri nahi zuten zuzenketa aurkeztu zuten uztailaren 9ko gauean, baina lurralde erakundeen eginkizunak zehazten dituen artikuluaren baitan. 75. artikulu horretan kokatzea iraingarritzat jo zuten hizkuntza gutxietako eragileek, gogoratuz kolonien garaian artikulu hori baliatzen zela lurralde horiek arautzeko.

Azkenik, uztailaren 17ko goizaldean, senatariek onartu zuten zuzenketa, «aipamenak ez zuelako zalantzan jartzen frantsesaren lehentasuna.

Ofizialtasunik ez

Hizkuntza gutxituetako eragileek, zuhurtziak hartu dituzte bai konstituzioan kokatzea, bai 2009ean aurkeztu nahi duten lege proposamena. Ondare gisa onartzeak, praktikan, ezer gutxi dakarkio euskarari. Ez ditu hizkuntza eskubideak aitortzen, eta ez die hiztunei hizkuntza baliatzeko berdintasuna bermatzen. Diputatuek eta senatariek argi adierazi zuten ez zietela ofizialtasunik aitortuko hizkuntza gutxituei, eta horrez gain Frantziak ez zuela berretsiko Europako hizkuntza gutxituen ituna.

Martinikako senatariek galdetu zuten haizu ote zen beren hizkuntzan mintzatzea lurralde erakundeetan. Senatariek argiki ihardetsi zieten ondare aitortzak ez zuela hizkuntza eskubiderik suposatzen eta frantsesa dela Frantziako hizkuntza bakarra, jarduera ofizial guztietan balioa daukan hizkuntza bakarra, alegia.

[email protected]
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.