Beste 152 euskal herritar ere badaude preso Frantziako espetxeetan. Frantzian inoiz izandako euskal preso kopururik handiena. Ibaetako Foroak biltzar nagusia eginen du gaur Baionan, Frantziak ere euskal gatazkarekin zerikusi zuzena duela erakusteko eta presoen egoera konpondu behar duela aldarrikatzeko. Euskal presoak dauzkaten Frantziako espetxe kopurua inoizko handiena da, baita Euskal Herriaren eta presondegien arteko bataz besteko distantzia ere. Presoen senideek bataz beste 2.338,76 euro gastatzen dituzte presoen ikustera joateko.Iazko irailean Xabier Garcia Gazteluren aita larri zauritu zen auto istripu batean Miarritzen, Clairvaux-rako bidean.Gaur egun hamazazpi euskal preso erabat bakarturik daude, hots dauden espetxean ez dago beste euskaldunik. Beste preso batzuei isolamendu neurria aplikatzen diete. Horiek ez dute beste preso bakar bat ikusten. Familiaren eta abokatuen bisitak baizik ez dituzte. Preso anitzek diziplina moduloa edo zigor ziega ezagutu dute. Beren eskubideen aldeko protesta ugarien ondorioz 15 eta 45 egun bitartean sartzen dituzte zigor ziega horietan. Dutxarik gabe, aktibitaterik gabe, harrizko ohea, inorekin harremanik ezÉEuskal presoen kontrako zigorrak gero eta luzeagoak dira. Lege berriek hogei urtera luzatu dute gaiztagin elkarteko kide izateagatik ukan daitekeen kondena. Eta gaiztagin elkarteko buruzagi izateagatik hogeita hamar urte ere bil daiteke. Euskal presoei nekez onartzen diete baldintzapeko askatasuna. Eta kondena bukatu duten Hego Euskal Herriko presoak Espainiaren esku uzten dituzte, nahiz eta auzitegiek entrega horiek legez kanpokotzat jo, errekurtsoak aurkeztu ondoan. Josu Arkauz Aranaren kasua kasu sinboliko bihurtu zen, gisa hartan entregatu eta Espainiako Poliziak atxilotu baitzuen. Polizia-etxean tortura latzak jasan zituen.
GAL eta iheslarien entregak
Frantziaren eta Espainiaren arteko harremanak anitz sendotu ziren Espainia Europako Batasunean sartu zenean, 80ko hamarkadan. Orduz geroztik, urtetik urtera, bi estatuen arteko kolaborazioa sakondu da, eta Frantziak oso leial jarraitzen dio Espainiari, urrats juridiko eta polizial guztietan.
GAL desagertu zenetik, ehunka errefuxiatu utzi zituen Espainiaren esku. 1986tik goiti ÃEskuina Frantziako Gobernura itzuli zen urtetik goitià lankidetza sakona hasi zen, GAL gelditu eta iheslarien kontrako jazarpen handia. Hori gabe ere bazen poliziaren zapalkuntza Ipar Euskal Herrian. Frantziak GALekin zerikusi zuzena zuela ez bada frogatua ere, inork ez du dudan ezartzen gutxienez polizia batzuek GALekin zuzenean kolaboratzen zutela. Polizia iturri ez-ofizialek ere ez dute hori ukatzen.Urte haietan hasi ziren, gainera, presoak Paris eskualdera eramaten. Frantziak lege «antiterrorista» bat indarrean ezarri zuen, «terrorismoari» lotu auzi guztiak Parisen zentralizatuz. Urte haietan islamiarrek eta ezker muturreko Action Directe erakunde armatuak atentatu gogorrak egin zituzten Parisen. Horien kontrako neurriek euskal militanteak ere hunki zituzten. Garai hartan Iparretarrak erakundeak hainbat ekintza egiten zituen Ipar Euskal Herrian, eta militante haien kontrako jazarpen poliziala handia zen.Berrogeita hamar bat lagun egon da preso IKrekin zerikusia izateagatik. Horrez gain, kale erasoetan parte hartzeagatik beste zenbait lagun ere atxilotu eta espetxeratu izan dute. Funtsean, Joel Sistiaga oraino preso dago, lau urtez preso egon ondoan, polizia baten kontrako erasoan parte hartzeaz akusaturik. Gaur egun garai lasaiagoak badira ere, Frantziak ere euskal gatazka daukala frogatzen dute.
HILDAKOAK
Odol anitz isuri da Ipar Euskal Herrian eta Frantzian, euskal gatazka dela medio
Frantziak badu odola eskuetan. Didier Lafitte IK-ko kidea Frantziako Poliziak hil zuen 1984an. Ipar Euskal Herriko borroka armatuaren ondorioz beste lau abertzale hil eta bat desagertu zen. Gatazka horretan hiru jendarme hil ziren, bi tiroketa batean, bestea IK-ko kide bat atxilotzean, trenak harrapaturik, Maddi Hegi IK-ko kidearekin batera. Horrez gain, bi CRS poliziaren hilketa ere gertatu zen Baigorrin 1982an. Hilketa hori IKri leporatu zioten, nahiz eta erakunde horrek beti ukatu izan duen hilketa harekin zerikusia izana.
Orotara 50 euskal militante hil dira Frantzian eta Ipar Euskal Herrian. Horiei zazpi gehitu behar zaizkie, Frantziak deportatu eta deportazio garaian hildakoak, alegia. Hildako gehienak gerra zikinaren ondorioz hil ziren. 70eko hamarkadan hasi ziren Batallon Vasco Español eta AAA erakundeak euskal iheslarien kontrako atentatuak egiten. Bi erakunde horiek hamar lagun hil zituzten 1975 eta 1981 bitartean Ipar Euskal Herrian (Hegoaldean jende gehiago hil zuten). Hilketa horiez gain, jende ugari zauritu zuten, baita bahiketa ahaleginak egin ere. Atentatu anitz egin zuten Lapurdin, inprimategien, euskal liburu denden, jatetxeen eta hainbat egituraren aurka.Ondotik GAL etorri zen, eta hark 28 lagun hil zituen Ipar Euskal Herrian 1983 eta 1987 bitartean. GALek euskal errefuxiatuak hil zituen, baina baita inon militante ez ziren Ipar Euskal Herriko herritar batzuk ere. Anitz zauritu zituzten, horrez gain.Herioak Frantziako kartzeletan ere jo du. Jean Groix presoak bere buruaz beste egin zuen. Peio Mariñelarena eritasun larri baten ondorioz hil zen kartzelan. Azkenik, Oihane Errazkinek bere buruaz beste egin zuen Fleury-Merogisko espetxean, 2004ko uztailean.
Jokin Etxebarria -Preso ohia
«Lehen pausoak eskubideekin lotuak
dira, ez gatazkarekin»
E. Bidegain - BAIONA
Jokin Etxebarria (Baiona, 1963) duela bi urte atera zen kartzelatik, bost urtez preso egon ondoan.
Maiz salatzen duzue presoen egoera txartu dela Frantziako espetxeetan.
Alde batetik, presoen sakabanaketa areagotu da. Garai batean aipatzen zuten auziaren zain zeuden presoek Paris inguruan egon behar zutela, epailea ondoan ukaiteko. Orain ikusten dugu preso horiek ere sakabanatuak direla. Batzuk Bordelen dira, Euskal Herritik gertu. Horrek erakusten du Frantzia nola ari den gezurretan. Gainera legeak okertu dira.
Halaber, baldintzapeko askatasuna ukatzean. Ez da hala?
Filipe Bidarti baldintzapeko askatasuna ukatzen diote, baldintza politikoengatik. Nire kasuan gauza bera izan zen. Preso arruntei eskatzen dizkieten baldintzez gain, euskal presoei galdetzen diete ea beren engaiamendu politikoari eusten dioten. Hori baliatuz ukatzen dute baldintzapeko askatasuna. Gauza horiek guztiek erakusten dute gatazkaren konponbidean zenbait pauso ematen diren heinean, presoen egoera okertzen dela. Ezker abertzaleak eta Euskal Preso Politikoen Kolektiboak pausoak egiten dituenean, Frantziako eta Espainiako estatuek alderantzizko pausoak ematen dituzte.
Zein da horren logika?
Presoak bahitu politiko gisa erabiltzen dituzte. Prozesu demokratiko batean sartuko garenean, presoen baldintzak hobetuko dituzte borondate politikoa dutela erakusteko. Baina horiek ez dira etorkizuneko urratsak izan behar, baizik eta gaurkoak. Herritik gertu izatea eskubide bat da. Hori jadanik burutua izan behar zen. Ez da borondatezko ekintza bat.
Frantziak dio «herri lagunarekin» kolaboratuko duela. Preso zinenean, Frantzia kolaboratzaile soil gisa ikusi zenuen?
Frantzia ez da kolaboratzaile hutsa. Frantziak gatazka honetan parte hartzen du. Presoez gain, badira beste adibideak: euskararen zanpatzea, Euskal Herria ukatzea. Orain bada dinamika bat herri kontsulta baten alde. Argi ikusten da Frantziak ez duela borondaterik. Gatazka konpontzeko borondatea adieraztea exijitu behar diogu. Lehen pausoa preso politikoen aitortza eta estatus politikoa onartzea dira.
Espainiak baino lehen eginen ditu urrats horiek?
Lehen pausoak eskubideekin lotuak dira, ez gatazkarekin. Presoak Euskal Herrira ekartzea eta bizi baldintzak hobetzea legeak onartzen ditu. Konponbidean zenbat eta pauso gehiago eman, presoen egoeran orduan eta urrats gehiago egin beharko da. Amnistiaren eskaera indartu beharko da. Preso politikoak gatazkaren eragile garrantzitsuenetarikoak dira. Kartzeletan sekulako erresistentzia erakutsi dute. Hori haien izaera politikoaren isla da. Amnistiaren bidez, preso politikoek, beste eragileek bezala, beren ekarpenak eginen dituzte, eta haien erabakiak onartu beharko dituzte gizarteko beste partaideek. Hori gertatu zen Irlandan ere. Eta hemen ere horrela gertatu behar da.