Frantziak 23 eta 22 irabazi dio Espainiako selekzioari eskubaloiko final-laurdenetan. Egungo olinpiar txapeldunak azken segundoan lortu du garaipenaren gola.
Mikel Arrizabalaga, Eduardo Gurbindo eta Julen Aginagalde euskaldunak Espainiako selekzioarekin aritu dira.
Espainiak indartsu hasi du partida Arpad Sterbik atezainaren geldiketa bikainek akuilatuta; 3-0 edota 5-1 joan da aurretik, eta lehen zatia aldeko 12 eta 9koarekin amaitu du. Baina bigarrenean Frantzia esnatu egin da, eta markagailua berdindu bakarrik ez, 21-17 aurretik jartzera iritsi da.
Azken minutuetan, baina, markagailua izugarri estutu da: 22-22 jarri dira. Azken 20 segundoak falta ziren, eta Frantziak zuen baloia. Azken erasoan, jaurtiketa langara joan zaio Nicola Karabatici, baina errebotea William Accambrayk hartu, eta kasik bozinaren hotsarekin batera sartu du garaipenaren gola.
Frantziak Kroazia izango du aurkari, ziurrenik, urrezko domina irabazteko faboritoak Tunisiarekin neurtuko baititu indarrak.