Euskara

Frantziak euskara ondare gisa hartzeak "ondorio praktikoak" izan behar dituela dio Euskaltzaindiak

Andres Urrutia euskaltzainburuaren ustez, "ona eta sinbolikoa" da atzo Kongresuak hartutako erabakia, eta ofizialtasuna eskatu du.

2008ko uztailaren 22a
16:10
Entzun
Frantziako diputatu eta senatariek atzo Kongresuan errepublikako hizkuntza gutxituak -besteak beste, euskara- ondare gisa onartu izanak "ondorio praktikoak" izan behar ditu Euskaltzaindiaren iritziz, "ondare izateak ezin duelako esan hildako ondarea izan behar duenik, hizkuntza batek bizia baitu, egunero erabiltzen delako". Andres Urrutia euskaltzainburuak neurria "ona eta sinbolikoa" dela esan du Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan baina, areago joateko, ofizialtasuna eskatu du.



Frantziako Konstituzioaren aldaketa proposamena bezala, boz bakar baten aldearekin onartu dute zuzenketa.Eskuinaren eta zentristen bozekin onartu zuten, ezkerrak ezezkoa eman baitzion aldaketari, hizkuntza gutxituen aipamena sostengatu arren. Halere, aipamena ez da Frantziako Konstituzioko lehen artikuluan agertuko, 75. artikuluan baizik. Frantsesak segituko du "Frantziako hizkuntza ofizial bakarra" izaten.

Andres Urrutiaren ustez, atzoko erabakiak "giro berria" sortuko du Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, eta, euskara surpetzeko, gauzak "denen" artean egin beharko direla dio, "ez inoren kontra". Egoera zein den azaltzeko, azkeneko inkesta sozio-linguistikoa ekarri du gogora, Ipar Euskal Herrian euskararen erabilera %11 jaitsi delako, "eta hori datu beldurgarria da".

Azkenaldian giro politikoa berotu du Frantses Akademiak. Frantziako Konstituzioko bigarren artikulua ekarri du gogora, non azaltzen den "Errepublikako hizkuntza bakarra frantsesera" dela. Hizkuntza gutxituen aipamena konstituzioko lehen artikuluan kokatzen zela azpimarratu zuen, eta hizkuntza mailako ezagupenik ez aitortu arren, "iraingarria" zela salatu zuen. Frantsesera bigarren mailan ezarri eta hizkuntza gutxituak hobesten zirela salatu zuen. Hizkuntza gutxituak "errespetatzearen" aldekoa zela adierazi zuen Frantses Akademiak, baina horretarako baliabideak ematea aski zela erran zuen, ez zela beharrezkoa aipamena egitea konstituzioan.

Frantses Akademiaren adierazpenak eta senatarien bozketak areagotu zuten, euskalgintzaren baitan, mespretxu sentsazioa. "Faxismo linguistikoa" deitoratu zuen Jean Louis Davant euskaltzainak orduan. Frantziak "jacobismorik atzerakoiena" erakutsi zuela erran zuten eragile gehienek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.