Parisko Apelazio Auzitegiak ezezkoa eman dio Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak Jon Salaberria Espainiaren esku uzteko igorritako eskaerari. Garzonek egozten dizkionak ekimen politikoak direla ohartarazita eman dio ezezkoa. Egozten dizkion ustezko delituak ez dutela «arlo kriminal edo terroristarekin» zerikusirik azalduta.
Jarraiko, Ekineko eta Batasuneko buruzagi izatea egotzita eskatua du Garzonek Salaberriaren aurkako euroagindua. Akusazio hori oinarri hartuta eskatu dio Frantziari bertan bete beharreko espetxe zigorra betetzen duenean Espainiako Poliziaren esku uzteko. «Egozten zaizkionak gertatu ziren unean, Jarrai, Ekin eta Batasuna ez ziren legez kanpokoak», erantzun dio Parisko Auzitegiak.
Garzonek egozten dizkion jarduerak 1999ko urria eta 2000ko uztaila bitartekoak direla gogoratu du Frantziako Auzitegiaren erantzunak. Eta, Espainiako auzitegiak berak Frantziakoari igorritako dokumentazioaren arabera, Jarrai 2005 arte ez zela legez kanpokotzat jo, Batasuna 2006an legez kanporatu zutela lehen aldiz, eta Ekinen aurkako epaiaren datarik ez diola Espainiak igorri.
Gauzak horrela, Salaberriak egindako prentsaurrekoak, bilera politikoak eta elkarrizketak erakunde horiek ofizialki legez kanpokotzat jo aurretik eginak direla, eta beraz, «iritzi politiko pertsonal» gisa besterik ezin daitezkeela hartu ondorioztatu dute epaile frantsesek. Beraz, iritzi horiengatik ezin zaiola «erakunde terroristako kide» izatea egotzi.
Frantziak ez du Espainiaratuko Salaberria, zio politikoengatik jazarri diotela eta
Jarrain, Batasunean eta Ekinen jardun zuen garaietan erakunde horiek ez zirela legez kanpokoak arrazoitu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu