Xabier Muntz eta Bruno Fay kazetariek GALi buruzko ikerketa egin dute hemezortzi hilabetez, eta film batean erakutsi dute lan horren bilduma. 1984ko ekainerako Frantziak bazekien GALen gibelean Madril zegoela. 1986an, Charles Pasqua Frantziako Barne ministroak GALi bukaera emateko eskatu zion Espainiari. Ordainean, bi estatuen arteko elkarlanari ekin zioten, eta Frantziako justiziak Espainiaren ardura politikoak ez ikertzeko presioa egin zuen. Kazetariek diote Frantziak ez zuela izan konplizitaterik, onartu arren polizia jakin batzuek GAL lagundu zutela.
Francis izeneko GALeko kidea elkarretaratu duzue. Nor da eta nola bermatu haren hitzak egia direla?
GALentzat hiltzaileak kontratatzeko erabiltzen zuen ezizena da Francis. Ez da haren egiazko izena. Pierre Frugoli, Lucien Mattei eta Pierre Baldes GALeko kideak kontratatu zituen Monbar eta Pyrenees ostatuko atentatuak egiteko. Guk egin ditugu Francis atzemateko urratsak, eta ez kontrakoa. Hiltzaileen eta hilketa agindu dutenen arteko katebegia da. Jose Amedo Foucek eta Miguel Dominguezek kontratatu zuten. Zortzi hilabete eman ditugu Francisen lekukotasuna lortzeko. Bi eskari egin zizkigun, ahotsa moldatzea eta aurpegia estaltzea. Ez zuen dirurik eskatu. Pentsatzen dugu ez digula dena erran, aitortzen duena baino ardura handiagoa izan zuela.
Halere, zuek atzeman duzue, eta Poliziak oraindik ez. Nola azaldu hori?
Roger Levyk biziki lagundu gaitu, garai hartan Baionako PJko [Polizia Judizialeko] arduradun izandakoak. GAL ikertzen hasi ziren Christophe Seyts eta Arnaud Ribeyrolles epaileekin ere bildu gara. Horiek utzi zuten Espainiaren erantzukizuna airean, ez kazetariek. Afera ikertu ez balute, Garzonek ez zuen lortuko Amedoren ardura argitzea. 25 urte pasa dira, eta GALeko kide ohiek badakite ez dutela arrisku handirik orain.
Noraino heldu zen Frantziaren inplikazioa GALen jardunean?
Argitu nahi genuen noiztik zekien Frantziak Madril zegoela GALen gibelean. Orduko Barne ministro Pierre Joxek erran zigun 1984ko udan eskuan zituela frogak. Lehen susmoak baino ez zeuden. Arin argitu zirela uste dut, GALek bertze bi urtez jendea hiltzen segitu zuelako.
Edo berandu, bi urte gehiago iraun baitzuen GALek. Frantziako Poliziaren konplizitatea existitu zen?
Ez dugu uste Poliziak edo epaileek GAL lagundu dutenik. Biziki aktiboak izan ziren. 30 bat kide atxilotu zituzten, eta hamabost inguru epaitu. Politikoki, ordea, badago zer erran. Pribatuan, Parisek etengabeko presioa egin zion Espainiari, GAL desegiteko. François Mitterrand Frantziako presidentearen kabineteburuak azaldu zigun hautua hertsia zela. Publikoki errateak GALen gibelean Felipe Gonzalezen gobernua zegoela dena inarrosiko zukeen. Tejeroren estatu kolpea emateko saioa pairatu zuen. Frantziak ez zuen arriskuan ezarri nahi demokrazia gazte hura. Gaizkile arrunt gisa hartu zituzten. Gehienak frantsesak ziren, eskuin muturrekoak, OAS edo SACeko kide ohiak. Espainiako poliziek zuzenean kontratatu zituzten. Frantziak isiltzea hautatu zuen, estatu arrazoiaren izenean.
Frantziak lortu zuen GAL amaitzea?
1986ko hauteskundeen ondotik, eskuinak hartu zuen boterea. Action Directe, islamistak, armeniarrak, atentatu ugari zeuden Frantzian. Ez dakit hori gabe Frantziak presioa egingo ziokeenik Espainiari. Rafael Verak adierazi zigun GALen sorrera bultzatu zuen lehen arrazoia ez zela izan ETAren aurka borrokatzea, militarrak eta kolpistak lasaitzea baizik. 1986an, Charles Pasqua Barne ministroak GAL bukatzea eskatu zion Espainiari. Ordainean, modu sistematikoan kanporatu zituen iheslariak, bi estatuen arteko elkarlana plantan ezarriz.
GAL desegitearen truk Espainiak etekin politikoa atera zuen?
Horrela ikus daiteke. Ordura arte rgin ez ziren sarekadak arrunt bihurtu ziren, iheslariak Espainiaren esku utziz berehala. Terrorismoaren aurkako talde egonkorra sortu zen. Bi elementuk baldintzatu zuten GALen bukaera: batetik, Espainiako testuingurua aldatu zela, eta, bertzetik, estatuen elkarlana.
Justizia mailan, Frantziako epaileek begiak itxi zituzten?
Seyts eta Ribeyrolles epaileek GAL ikertzera behartu zituzten Espainiako epaileak. Espainian estali nahi izan dute hori. Bi epaile horiek atzeman zuten Amedoren aztarna. Elkarlana plantan ezarrita, GAL bukatu zen, eta, gure ustetan, Frantziak uko egiten dio ardura politikoak bilatzeari. Ez zuten gora egin arduren katean. Frantziako Justizia Ministerioak presioa egin zuen epaileek ardurak ez ikertzeko. Ribeyrolles epaileak adierazi zigun ministerioaren zenbait erabaki eskandalagarriak zirela. Jendarmeriako buru Charles Sanzek Bidarrain bi pertsona hil zituen pertsonaren izena lortu zuen. Elementu guztiak eman zizkion Justiziari, baina ez zuten deus egin. Zortzi urtera, bertze prokuradore batek hartu zuen kasua, eta hiltzailea atxilotu eta zigortu zuen. Horretarako presio politikoak behar zirela aitortu zigun Sanzek.
Atentatu ugari egon ziren perimetro txikian. Usu, jendeek atxilotu zituzten hiltzaileak. Nola azaldu hori?
Nire ustez, fantasma gehiegi dago horretan. Mito gisa erakargarria da, baina ez da erreala. Adibidez, Donibane Lohitzunen Paolo Figuereido Fontes atxilotu zuten, eta Amedorengana heldu zen ikerketa. Miarritzen ere atentatuak egin aitzin atxilotu zituzten GALeko kideak. Poliziak ez zuen GALeko kideak ez atxilotzeko agindurik.
Bruno Fay. Kazetaria
«Frantziak isiltzea hautatu zuen, estatu arrazoiaren izenean»
Bruno Fay kazetariak dio bederen 1984ko udarako Parisko gobernuaren eskuetan zeudela GALen gibelean Madrilgo gobernu sozialista zegoela erakusten zuten frogak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu