euskal presoak

Frantziako Justizia Ministerioan presoei buruzko bilkura bat egin zela baieztatu du Sortuk

Ohar baten bidez azaldu du Christiane Taubiraren kabineteburu Alain Christnachtekin egin zela bilkura, baina ez du zehaztu bertze solaskideak nor izan ziren. Euskal presoen hurbiltze eskaerak banaka aztertzen ari dela berretsi du Taubirak. Mont de Marsanen sei preso daudela erran du.

Christiane Taubira Frantziako Justizia ministroa. MATHIEU CUGNOT, EFE
maddi ane txoperena iribarren
2015eko irailaren 3a
08:49
Entzun

Sortuk prentsa ohar baten bidez jakinarazi duenez, Parisen eginiko Bakearen Aldeko Konferentziaren ostean egin zen bilkura. Elkarrizketetan Frantziako kartzeletan dauden euskal presoen egoera izan zuten hizketagai nagusi.

Christiane Taubira Frantziako Justizia ministroak lehen pertsonan baieztatu zuen atzo euskal presoen hurbiltzearen alde egiten ari den lana. Uztailaren 8an presoen inguruko jendearekin horri buruzko bilkura egin zutela berretsi zuen, hain justu, eta presoen eskaerak banaka aztertzen ari direla gogoratu. Azaldu duenez, kondenaren luzeraren eta espetxeen egoeraren arabera ari dira aztertzen preso bakoitzaren kasua, eta, betiere, senideengandik hurbiltzearekin eta gizarteratzearekin lotuta.

Rafael Catala Espainiako Justizia ministroarekin zela egin zituen berrespenok Taubirak, atzo. Hain zuzen, Espainiako eta Frantziako Justizia ministroek alde biko bilera egin zuten Parisen, eta, horren aitzinetik, kazetariek presoei buruz galdetu zieten. Mont de Marsango espetxean sei euskal preso daudela ere erran zuen Taubirak, ordea. Gaur egun, bi baino ez dira kartzela horretan daudenak, Etxerat-en arabera: lehendik zegoen preso bat, eta abuztu honetan hara mugitutako bertze bat. Etxerat-ek jakinarazi duenez, gainera, «hurbiltze puntualak» baino ez dira izan orain artekoak. Nahastea sor dezake, beraz, Taubirak emandako datuak, ez baitu zehaztu zein irizpideren arabera erran duen Mont de Marsanen sei preso daudela.

Bi ministroek adierazi dutenez, bertzalde, elkarri ematen diete presoen eta kartzelen informazioaren berri, «modu iraunkorrean». Catalak ez du gaizki ikusi uztailaren 8an Frantziako Justizia Ministerioak presoen ingurunearekin egindako bilera, nahiz erran duen ez zuela horren berririk. Haren arabera, estatu bakoitzaren eskumenen «erabateko errespetuarekin», elkarlanean ari dira bi ministerioak, eta horri esker «fenomeno terrorista ia erabat gainditzea» lortu dute.

Elkarri ohore dominak emateko baliatu zuten atzoko hitzordua Taubirak eta Catalak, halaber. Eta, preseski, bikaintzat jo zuten bien arteko elkarlana, bereziki «terrorismoaren aurkako borrokan». Taubiraren arabera, gainera, elkarlan hori «beti izan da oso indartsua».

Espainian, aldaketarik ez

Catalak, bere aldetik, Espainiak gaur egungo espetxe politikari eutsiko diola ohartarazi du. Frantziak presoen kasuak banaka aztertzeari erreferentzia eginez, «halako mugimenduak» Espainian ere bultza daitezkeela erran du, baina zehaztapen bat gehituta: haren ustez, hori egin daitekeela «banakako erabakiak daudenean, gizarteratzeko borondatea dagoenean, eta erakunde armatuko kide izateari uko egiten zaionean». «Mugaren alde batean zein bertzean» horixe egiten ari dira, haren hitzetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.