Sexu bereko pertsonen arteko ezkontza debekatzen du Frantziako legeak. Batzorde Konstituzionalak ebatzi berri du debeku horrek ez duela urratzen Frantziako Konstituzioa eta, ondorioz, bi aukera daudela: legeak dioena aintzat hartu eta sexu bereko pertsonak ezin direla ezkondu onartzea edo, bestela, pertsona horiei eskubide berberak aitortzea. Hori egiteko, ordea, Frantziako legea aldatu beharko litzateke, eta eskumen hori parlamentuari dagokiola nabarmendu du Batzorde Konstituzionalak.
Frantziako legeak dio gizon eta emazte baten arteko lotura dela ezkontza. Batzorde Konstituzionalaren arabera, horrek ez du nehoren bazterketarik eragiten. Horregatik dio ez duela Konstituzioa urratzen. Batzorde Konstituzionalak nabarmentzen du sexu bereko pertsonek hainbat aukera dituztela, hala nola PACS kontratu zibila edo ohaidegoa. «Elkarrekin bizitzeko eskubidea badute, baina horrek ez du esan nahi ezkontzeko eskubiderik dutenik», dio ebazpenak.
Legegileak legea interpretatzeko askatasun osoa daukala dio Batzorde Konstituzionalak. Horregatik, interpretazioan aldaketak egin nahi baditu haren erantzukizuna dela nabarmendu du. Funtsean, azaldu du ez diola erraztasunik jarriko legea aldatzeko eta egitearen edo ez egitearen ardura diputatuen esku gelditzen dela osoki.
Duela hilabete gutxi Batzorde Konstituzionalak antzeko jarrera hartu zuen, sexu bereko pertsonen adopzio eskubideari buruz ebazterakoan. Orduan ere adierazi zuen parlamentuari dagokiola legeak egitea, eta eskubideak bermatu behar direla uste badu legeak egiteko eskumena duela gogorarazi zion.
Iragarritako ebazpena
Batzorde Konstituzionalaren ebazpenean deus berririk ez dagoela azaldu du Bernard Gachen Euskal Esfera taldeko presidente eta gay, lesbiana eta transexualen eskubideen aldeko militante ezagunak. Eskubide arloan berdintasuna bermatu nahi bada irrika horrek legeetan azaldu behar dela nabarmendu du Gachenek. Alta, Frantziako Gobernuak ez du lege aldaketarik bultzatu nahi, eta espero zuen Batzorde Konstituzionalak inposatzea aldaketa. Horrek ez du hori ebatzi, ordea, eta Sarkozyren gobernua hautsi-mautsi horren aitzinean utzi du. Legea aldatzen badute gizartearen aitzinean argi geldituko da onartu dutela aldaketa. «Eta onartzen ez badute, sektore gibelkoien erranetara makurtu direla erakutsiko dute».
«Inkestek erakusten dute gizartearen gehiengoa homosexualen arteko ezkontzaren aldekoa dela, baina eskuinaren parterik erradikalenek eta Elizak horren aurkako kanpaina sutsua burutu dute; hauteskundeen atarian Sarkozyk ez du bere kontra jarri nahi Frantziako Tea Party-a», azaldu du Gachenek.
Frantziako gay eta lesbianen elkarteek tamalgarritzat jo dute Batzorde Konstituzionalaren ebazpena. Estatu mailan herritarren eskubideen berme gorena izan behar duela diote elkarteek, baina horretarako adorerik ez ukaitea leporatu diote. Elkarrekin ezkontzeko eskubidea aldarrikatu zuten bi emaztek kasua Frantziako Batzorde Konstituzionaleraino eramatea deliberatu zuten. Haien defentsa egin zuen Emmanuel Ludot abokatuak, eta, haren iritziz, ebazpena «politikoa» da.
Erabakiak hartzearen «patata beroa» elkarri pasatu izana leporatu die Batzorde Konstituzionalari zein gobernuari. Frantziako presidentetzarako hauteskundeetatik urtebetera, arrisku politikorik hartzeko gogorik ez dutela nabarmendu du. Ebazpen horren ondorioz, alderdi bakoitzak bere jarrera zehaztu beharko duela uste du abokatuak. Alderdiek proposamen zehatzak egin bitartean lege zirrikituetan arakatzen segituko dutela diote gay eta lesbianen elkarteek.
Ludotek defenditzen dituen bi emazteek Bartzelonara (Herrialde Katalanak) joan nahi dute ezkontzera. Han legezkoa da ezkontza, eta agiri hori eskuan ukanik, Frantziak ezkontza hori onartzea eskatuko dute. Gisa horretan, auzibidea berriz hasiko da, auzitegi arruntetatik Batzorde Konstituzionaleraino.
Hiru milioi pertsona
Frantziako Batzorde Konstituzionalak «kuraia politikorik» ez duela adierazi du Caroline Mecary Guraso Gay eta Lesbianen Elkarteko presidenteak. Gobernuari gogorarazi dio hiru milioi pertsonari ezkontza eskubidea ukatu diela. Frantziako homosexualek pairatzen duten eskubide urraketa horri bukaera emateko «une historikoa» beheko errekara bota duela azpimarratu du. Eskubideen atea legearen indarrez ixtea hipokresia hutsa dela diote elkarte horiek. Haurren adopzioaren kasuan, homosexual batek haur bat adopta dezake, bakarrik egiten badu eskaria. Eskari bera bikote gisa egiten baldin badute, ukatuko diete. Anitzetan, adopzioen ardura duten batzordeek eskaria bakarka bideratzeko aholkatzen diete bikoteei, administrazioak jartzen dituen ohiko trabak saihestu ahal izateko.
Frantziako Konstituzionalak ontzat jo du homosexualen ezkontzen debekua
Frantziako Batzorde Konstituzionalak dio legea aldatzeko tokia parlamentua dela, hari dagokiola eskumen hori
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu