Abuztuan hainbat adinekoen heriotza argitzeko ikerketa zabaldu zenetik, Nicolas Bonnemaison Baionako Ospitaleko medikuak bere jarduera profesionala alde batera utzi behar izan du. Oraingoan, Frantziako Lan eta Osasun Ministerioak medikuari zigorra emateko eskaera baieztatu du eta lanera ez bueltatzeko eskatu du, Gizarte Aferetako Ikuskaritza Orokorraren aholkuari jarraiki. Gainera, medikuaren aurkako bederatzigarren heriotza kasu bat aipatu du.
"Injekzio bidez pertsona oso ahulak pozoitzea", alegia, eutanasia aktiboa egitea egozten dio Baionako prokuradoreordeak. Abuztuaren 11n atxilotu zuten Bonnemaison, eta baldintzapean aske utzi zuen Paueko epaileak, lanbidean jardutea debekatuz eta auziarekin lotura duten pertsonekin harremanak ukatuz. Hiltzorian ziren bost adinekoen heriotzak argitzeko xedez abiatu zen inkesta, baina geroztik oinarrizko akusazioari kasu berriak gehitu zaizkio.
Harrezkero medikuak sostengu anitz bildu ditu sare sozialetan, baita bere alde antolaturiko elkarretaratzeetan ere.