Politika

Frantziako Poliziak Baionako, Hendaiako eta Ziburuko 'herriko tabernak' miatu ditu

Xilkon (Baiona), Kanttun (Hendaia) eta Tanan (Ziburu) sartu da gaur goizean. Polizia judizialak aritu dira miaketetan.

2007ko azaroaren 14a
18:42
Entzun
Frantziako Polizia Judiziala Lapurdiko hiru herriko taberna miatzen aritu da gaur goizetik, Laurence le Vert epailearen aginduz: Baionakoa (Xilko), Hendaiakoa (Kanttu) eta Ziburukoa (Tana). Hamaikak eta hogei aldera sartu dira Baionakoan eta Ziburukoan, eta ordu bertsuan Hendaiakoan.

Askatasunak jakinarazi duenez, poliziak Xilkon sartu direnean, ostatuaren aurkako "inkesta bat" zela azaldu dute. Tabernaria bakarrik gelditu da han, eta poliziek bi lekukorekin egin dute miaketa -Miguel Torre ostatuko kudeatzailea zen haietako bat-. Hainbat poliziak burua estalita zuten. Baiona Ttipian dago Xilko. Kanttu, berriz, Hendaiako hondartza inguruan eta Tana Ziburuko plazan.

Operazioa salatu egin du Askatasunak. "Espainiako eta Frantziako estatuek eskuz esku aurrera daramaten errepresio estrategiaren baitan kokatzen dugu. Azken asteetan Frantziako Poliziak independentziaren aldeko borroka amaitzeko urrats berriak egin ditu; hamabost atxilotu utzi zituen operazioa, kasu. Mugimendu politikoen aurkako jazarpena areagotzen ari da".

Irailaren bukaeran, ustezko kale erasoen kontra egindako operazioan, miaketa luzea egin zuen Poliziak Donibane Garaziko (Nafarroa Beherea) herriko tabernan: Kalakan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.