Askatasunak gaur jakinarazi duenez, Frantziako Poliziak beste bi lagun atxilotu zituen atzo: Yves Sallaberri eta Carine Leboucher. Sallaberri Donibane Garazin atzeman zuten, bere etxean; Zein Ere taldeko musikaria da. Leboucher ere han atxilotu zuten (Pantxoa Flores mutil-laguna ere bai), hilabeteko haurrarekin; hau amarekin eraman zuten poliziek, bularra emateko.
Atzo gauean Baionan Segi gazte erakundeak duen lokalean sartu zen Polizia miaketa egitera. Horretaz gain, Kalaka ostatua miatzeari berriro ekin dio, Donibane Garazin.
Gaur jakin diren atxiloketez gain, Lapurdin eta Nafarroa Beherean hamahiru euskal herritar atzeman zituzten, eta Frantziako Poliziaren esku jarraitzen dute, Paueko (Frantzia) egoitzan. Aitziber Otegi da haietako bat, eta gaur Baionan bere etxera eraman dute, miatzeko. Oskar Bizkai ere atzeman zuten atzo, eta gaur Baionako polizia etxetik sartu eta atera ari dira.
Lapurdin eta Nafarroa Beherean sarekada handia egin zuten atzo jendarmeria, GIGN eta Baionako Polizia Judizialeko berrehun kide inguruk, Laurence Levert eta Marie-Antoinette Houyvet epaileek eta Parisko prokuradore buruak gidatuta. Atzo goizeko seietan hasi ziren atxiloketa eta miaketak, eta egun osoa iraun zuten, Baionan, Ezterenzubin, Ortzaizen eta Donibane Garazin.
Baionan Otegiz gain, Xabier Susperregi, Ageda Goikoetxea eta Cedric Garai arrestatu zituzten. Cedric Garai Baionako ospitalean arrestatu zuten, haren neska-lagunak joan den larunbatean haurra izan eta gero han baitzegoen. Lehen hirurak Marengo karrikan hartu zituzten atxilo, Susperregiren etxean. Susperregi Euskal Iheslarien Kolektiboko bozeramailea da. 2006an ere atxilotu zuten beste afera batean, eta orduan libre utzi. Handik Anhauzera eraman zuten bere etxearen miatzeko.
Ordu berean, Ezterenzubin, Mizel Barnetxe atxilotu zuten jendarmeek, eta Mizel Kehaielt Izpuran. Ortzaizen, aldiz, Intza Oxandabaratz lehen bizi zen etxera agertu zen Polizia hura galdekatzeko asmoz, eta hor ez egonik, bertan zegoen Oskar Bizkai zuten eraman. Oxandabaratz eguerdi aldean arrestatu zuten Donibane Garazin, haren lantokian. Ortzaizen ere zuten Joan Bidart atxilotu eta Donibane Garaziko Kalaka ostatura eraman. Beste bi pertsona arrestatu zituzten herri berean, Gorka Betolaza eta Urtzi Garcia. Bizkai, Betolaza eta Garcia ez zirela operazio honen helburua jakinarazi zuten polizia iturriek, baina beste atxilotuen etxean zeudenez, eraman egin zituztela. Iturri horien arabera, haietako biren kontrako euroagindu eskaerak eginak ditu Espainiak. Donibane Garazin ere, Pantxoa Flores arrestatu zuten, Kalaka ostatuan. Azkenik, Maider Agerre laribartarra atxilotu zuten Oztibarren.
Berri agentzien arabera, polizia operazioan ez dute armarik atzeman.
Atxiloketak
Frantziako Poliziak beste bi lagun atxilotu ditu Ipar Euskal Herrian
Yves Sallaberri da atzeman duten bat eta Carine Leboucher bestea (hilabeteko haurra berekin eraman dute). Halaber, Kalaka ostatua miatzen segitzen du Donibane Garazin, eta Baionan Segiren egoitzan sartu zen atzo. Pauen dauzkazte atzo atxilotutako hamahiru euskal herritarrak; Lapurdin eta Nafarroa Beherean atzeman zituzten. Gaur Otegi eta Bizkai polizia etxetik atera dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu