ETAko kidea izatea egotzita, pertsona bat atxilotu dute Frantziako hego-mendebaldeko Lannamezan herrian, Tarbetik gertu. Espainiako Barne ministro Alfredo Perez Rubalcabak baieztatu du atxilotua Pablo Aperribai Bediaga dela, 37 urteko basauriarra.
Hainbat berri agentziak zabaldu dutenez, jendarmeek atzo eguerdian atxilotu zuen Aperribai, ustez auto bat lapurtzera zihoala. Beste berri agentzia batzuen arabera, berriz, polizia kontrol batean atxilotu zuten. Iturri horien arabera, atxilotuak ez zeukan dokumentaziorik atxilotu zutenean, eta ezta armarik ere. Atxilotua Frantziako Justiziaren esku dago.
Rubalcabak emandako datuen arabera, 2005etik ihes eginda zegoen Aperribai. Urte hartan bertan, beste hainbat lagunekin batera Aperribai atxilotzeko agindua eman zuen Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Baltasar Garzonek. Adour komandoa osatzen zuten haiek, epaile horren arabera. Zehazki, ETAko kide bat etxean gordetzea eta ETAren helburuak izan zitezkeenen informazioa biltzea leporatzen dio Garzon epaileak Aperribairi.
Rubalcabak eskerrak eman zizkien Frantziako segurtasun indarrei, «ETAren aurkako borrokan» ematen ari zaizkien laguntzarengatik.
ASKATASUNAREN SALAKETA. Askatasunak salatu duenez, atxilotuaren inguruko inolako berririk ez du jaso ez haren familiak, ez abokatuek eta ezta Askatasunak berak ere. Aperribai inkomunikatuta daukatela eta lau egunez halaxe edukiko dutela salatu du, eta horrek atxilotua babes gabe uzten duela, eta, gainera, senitartekoei «larritasuna» sortzen diela.
Askatasunaren arabera, «gerra estrategia» hartu dute Espainiako Gobernuak zein Frantziakoak «Euskal Herriarekin duten gatazkaren inguruan»; «gatazka politikoa eta enfrentamendua hauspotzen jarraitzeko hautua». Horretarako, «inpunitate sistema» eraikita daukate bi estatuek, Askatasunaren irudiko, askatasun eta eskubide demokratikoak «ukatuz», eta errepresioari «ate guztiak irekiz».
Baina Euskal Herriak behar duena horren kontrakoa dela uste du Askatasunak. «Benetako demokrazia, askatasuna eta eskubideen aldeko borroka».
19. ATXILOTUA. ETAk su-eten iraunkorra bertan behera utzi zuela jakinarazi zuenetik poliziek bost herrialdetan atxilotu dituzten 19. euskal herritarretatik azkena da Aperribai.
Hemeretzi horietatik 11 Frantzian atxilotu dituzte; Espainian, Mexikon, Kanadan eta Quebecen bana eta Euskal Herrian beste lau. Azken lau horiek kale borrokako ekintzekin lotura zutelakoan atxilotu zituzten, eta gainerakoak, berriz, ETAko kide izatea leporatuta.
Mexikon atxilotu zutena Madrilen dago preso, eta Kanadan zein Quebecen atxilotutakoak estradizio auzien menpe daude.
Frantziako Poliziak bizkaitar bat atxilotu du, ETAko kidea izatea egotzita, Tarbetik gertu
Atxilotu duen pertsona Pablo Aperribai Bediaga basauriarra dela jakinarazi du Rubalcabak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu