Frantziako Poliziak ehun arma inguru aurkitu ditu Capbretongo etxe batean (Landak, Frantzia). Berri agentziek zabaldu dutenez, ETArenak izan daitezke. Atzo iluntzean zabaldu zuten berria Espainiako Vasco Press berri agentziak eta Frantziako Sud Ouest egunkariak. Azaldu dutenez, «ustekabean» aurkitu zituzten armak. Etxea hutsik zegoen, eta jabeak, konponketa lan batzuk egitara zihoala, aurkitu zituen, etxeko horma bat bota zuenean. Frantziako Poliziaren iturriak aipatuz, hedabide horiek diote ETAk aspaldi erabili ez duen zulo bat izan daitekeela. Etxe hori aurretik nork erabili zuen ikertzen ari direla zabaldu dute berri agentziek.
Aurkikuntza atzo eguerdian jazo zen. Frantziako Poliziaren iturrien arabera, MAT-49 modeloko 40 submetrailadore, MAT-10 modeloko beste 40, Herstak markako 20 pistola eta 1.000 kartutxo atzeman dituzte. Horrekin batera, zabaldu dute aipatutako gordelekuan 1975. urteko egunkariak aurkitu dituztela.
Berri agentzien arabera, MAT-49 modeloko metrailadoreak erabili zituen ETAk 80ko hamarkadan. 1993. urtean eginiko polizia operazio batean halako ehun bat atzeman zituzten Mugerreko (Lapurdi) etxe batean. Betiere berri agentzien arabera, Mugerreko etxe horretan ETAk modelo horretako metrailadoreak egiten zituen, eta ordutik Poliziak hamarnaka batzuk baino ez dituela aurkitu diote. Besteak saldu edo ezkutatu dituztela uste dute.
Frantziako Poliziak ehun arma aurkitu ditu Landetako etxe batean
Hutsik zegoen etxe batean atzeman dituzte; ETArenak izan daitezkeela zabaldu dute berri agentziek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu