Frantziako Poliziak astelehenean Lapurdin eta Nafarroa Beherean egindako operazio zabalean atxilotuetakoetatik beste lagun bat utzi du aske gaur: Ives Salaberri. Arratsaldeko bostetan utzi du libre Paueko (Frantzia) polizia etxean.
Aurrez, beste sei utzi zituen libre, akusaziorik gabe: Ageda Goikoetxea, Aitziber Otegi, Oskar Bizkai, Ihintza Oxandabaratz, Maider Agerre eta Karine Leboucher. Hain zuzen, lehen bostek gaur, agerraldian, salatu egin dute operazioa -Leboucher ez da egon agerraldian; hilabeteko haurra dauka-. Sarekada, azken batean, "muntai mediatikoa" izan dela iritzi diote haiek eta Askatasunak. Donibane Garazin egin dute agerraldia, Kalaka ostatuaren aurrean -hainbat aldiz miatu du Poliziak ostatua egunotan-.
Atxilotu haiek jakinarazi dutenez, Poliziak inori ez zion atxiloketaren arrazoien berririk eman. Sarekadaren iturburua, polizia iturrien arabera, Alain Ducasse Ostape hotelaren kontra Bidarrain (Nafarroa Beherea) 2006an egindako erasoa izan da baina, aske utzi dituztenei behintzat, ez diete Ducassez askorik galdetu. "Aurreneko egunean batere ez eta bigarrengoan azaletik besterik ez", adierazi dute Oxandabaratz, Bizkai eta Agerrek -hirurak mintzatu dira seiren izenean-.
Oxandabaratzen ustez, Lurra Kolektiboaren bozeramailea delako atxilotu dute bera. "Poliziaren helburua, hala, gizarte eragileak kriminalizatzea da". Bizkairen kasuan, poliziak etxera sartu zirenean hark, EHNAz gain, Espainiako gida baimena erakutsi eta hori faltsifikatua ez zegoela frogatzeko eduki dute bi egunez atxikia, biktimak berak azaldu duenez. Agerreri etxeko tximiniko zuloa hautsi zioten jendarmeek. "Armak zeuden ikusi nahi zutela zioten...", esan du Agerrek; ez zuten deus aurkitu.
Polizia iturriek atzo zabaldu zuten atxilotuen etxeetan egindako miaketetan lehergailuak egiteko materiala topatu zutela; kloratoaren 11 kilo, hain zuzen. "Kloratoa, ordea, Ipar Euskal Herrian arrunta da; asko erabiltzen da belarra erretzeko", adierazi dute gaur Donibane Garazin agertu direnek. Petrolioa aurkitu zutela ere bazioen Poliziak. "Petrolioa? Etxea berotzeko da-eta! Kazetarien artetik nork ez dauka petrolioa etxean?", galdetu dute Bizkaik-eta. Irri egin dute kazetariek.
Xabier Susperregi, Cedric Garai, Mizel Barnetxe, Mizel Kehaielt, Joan Bidart, Pantxo Flores, Gorka Betolaza eta Urtzi Garciak Poliziaren esku segitzen dute, Pauen. Bihar arratsaldean bukatuko da galdeketa epea.
Operazioa salatzeko etzi manifestazioa egingo dute Donibane Garazin, 15:00etan hasita herriko etxearen aurretik, Askatasunak deituta. Atxikimendua eman dute Abertzaleen Batasunak, Batasunak, Segik, Lurra Kolektiboak, LABek eta Euskal Herriko Giza Eskubideen Babes Elkarteak.
Politika
Frantziako Poliziak Ives Salaberri ere aske utzi du
Polizia sarekadaren helburua "kriminalizazioa" izan dela salatu dute aske utzi dituztenek. Ageda Goikoetxea, Aitziber Otegi, Oskar Bizkai, Ihintza Oxandabaratz eta Maider Agerrek agerraldia egin dute gaur Donibane Garazin, Kalaka ostatuaren aurrean. Karine Leboucher ere libre utzi zuten baina gaurko agerraldian ez da egon; hilabeteko haurra dauka. Beste zortzi lagunek Frantziako Poliziaren esku segitzen dute. Etzi manifestazioa izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu