Gutxienez lagun bat deitu du deklaratzera Frantziako Poliziak, Jon Anzaren omenaldiaren karietara azalpenak emateko, kazeta.info webguneak dioenez. Omen ekitaldia joan den uztailaren 24an izan zen, Ziburun, eta, ezustean, burua estalita zuten ETAko hiru kide oholtzara igo ziren. "50 urteko kapitala" erabaki eskubidearen alde jartzeko deia egin zuten.
Omenaldiak bi une ezberdin izan zituen. Lehenengoan, kazetariak bertan zirela, ezker abertzaleko ordezkariek adierazpen bat egin zuten. Ondoren, kazetariei bertatik alde egiteko eskatu zieten, "familiak eta lagunek euskal iheslariari azken agurra intimitatean egiteko eskubidea bermatzeko".
2009ko apirilaren 18an desagertu zen Jon Anza. Baionan ikusi zuten azkeneko aldiz, geltokian. Tolosara zihoan, ETArekin bilera bat egitera, honek gero jakinarazi zuenez. Ofizialki aurtengo martxoaren 11n jakin zen hilda zela eta gorpua Tolosako (Okzitania, Frantzia) Purpan erietxean zegoela. Informazio ofizialen arabera, preso ohia apirilaren 29an aurkitu zuten Tolosako etorbide batean osasun egoera txarrean, hiriko erietxe horretara eraman zuten, maiatzaren 11n hil zen eta harrezkero Purpaneko gorputegian egon zen.
Uztailaren 23an ekarri zuten Anzaren gorpua Euskal Herrira, Tolosatik. Harrera egin zioten Ziburuko gorputegian. Hurrengo egunean ezker abertzaleak omenaldia egin zion Ziburun bertan. Uztailaren 26an lurperatu zuten Anza Lapurdin -ez zuten jakinarazi lekua-, familia eta hurbilekoen artean.
Politika
Frantziako Poliziak lagun bat deitu du, Jon Anzaren omenaldiaz azalpenak emateko
Euskal militante ohiari uztailean egin zioten omena Ziburun, eta burua estalita zuten ETAko hiru kide azaldu ziren ekitaldian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu