Polizia operazioa

Frantziako Poliziak uste du ETAk duela sei urtetik erabiltzen zuela Eiheralarreko etxea

Josetxo Zeberio eta Jean Mari Saint Pee atxilotu zituzten Eiheralarreko (Nafarroa Beherea) etxea lehergailuak egiteko erabiltzen zuela ETAk zabaldu du Frantziako Poliziak. Areago, duela sei urtetik lehergailuetako hainbat han egiten zituztela susmatzen dute. Lakoa du izena etxeak, hesituta daukate, eta miatzen jarraitzen dute. Zenbait iturriren arabera, Zeberio eta Saint Pee han dauzkate miaketak egiteko.

2004ko apirilaren 5a
18:50
Entzun
Polizia iturrien arabera, "ehunka kilo lehergai eta lehergailuak egiteko material" atzeman dituzte Eiheralarreko Lakoa etxean.Miaketa egiteko, etxearen inguru guztia hesituta daukate, eta, ondorioz, Donibane Garazi ondoko herri txiki horretako kale nagusia itxita.

Laurence Le Verte terrorismoaren kontrako epailea hari da operazioa gidatzen Paristik, eta zenbait iturrik zabaldu dute bihar Eiheralarrera joango dela miaketa bertatik bertara segitzeko.

Eiheralarreko etxearen miaketara eraman duen operazioa ostiralean hasi zen: goizean Iñaki Espartza atxilotu zuten Akize ondoan, Landesetan, eta, arratsean, berriz, Alberto Lopez de la Calle eta Mertxe Chivite Anguleman. Atzo, berriz, Zeberio eta Saint Pee atzeman zituzten Eiheralarren.

Espartzaren 20 hilabeteko alabaren inguruko kezka

Espartza atxilotu zutenean, 20 hilabeteko alaba zeukan berarekin. Askatasuna erakundeak agertu duenez, Espartzaren zein Lorentxa Gimon umearen amaren ingurukoak kezkatuta daude haurra non dagoen ez dakitelako. Izan ere, Gimon Fleury-Merogiseko kartzelan dago, eta litekeena da alaba adin gabekoentzako zentro batetan egotea. Haurra lehenbailehen jaso nahi dute Espartzaren zein Gimonen senideek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.