ETAk Aberri Egunaren harira egindako agiria plazaratu zuen atzo Gara egunkariak. Jon Anza goraipatu, haren heriotza salatu eta senideei elkartasuna agertzeaz gain, bi zati nagusi ditu agiriak. Batetik, martxoaren16an Paris ondoan, Dammarie-les-Lysen, gertatukoari buruzko bere azalpena eman du. Bestetik, gaurko Aberri Egunaren eta eragileek azkenaldian hartutako jarrerei buruzko gogoetan egin du.
Dammarie-les-Lysen jazotakoari dagokionez, Frantziako Poliziako kide Jean-Serge Nerinen heriotza bere "gogoz kontrara" gertatu zela dio ETAk. Izan ere, erakunde armatuaren arabera, enfrentamendua saihesten saiatu ziren eurak, baina jendarmeek tiroka ekin zioten.
Zehazki, ETAk dio poliziek lau etakide atxilotzea eta neutralizatzea lortu zutela, eta jendarmeetako batek bi tiro bota zituela armarik gabe lurrean zeukaten lau lagun horietako baten albora. Bi tiroak "ez-ematera" bota zituela zehaztu du ETAk, baina hori izan zela ondorengo guztiaren iturburua. Izan ere, han inguruan ziren beste hiru etakide larritu egin ziren tiro horiek entzutean, eta poliziengana hurbildu, armak bota eta alde egiteko ohartaraziz. Orduan, bi jendarmek tiroka erantzun zieten erakunde armatuaren azalpenaren arabera, eta tiroketa hasi zen. Eurek bederatzi tiro egin zituztela dio ETAk, eta dezente gehiago bota zituztela jendarmeek. Jean-Serge Nerinen heriotza testuinguru horretan gertatu zela ziurtatu du.
"Alde guztietako konpromiso eta bermeak"
Bestalde, Aberri Egunari dagokionez, ETAk uste du azken urtean Euskal Herriko "argazki politikoa" argitu dela, eta argi geratu dela bi proiektu daudela aurrez aurre: batetik, Frantziaren eta Espainiaren menpe jarraitzekoa, eta horrek Euskal Herriaren etorkizuna "itoko" luke. Bestetik, independentziaren aukera, eta hori litzateke erakunde armatuaren iduriko, "Euskal Herriaren biziraupena" bermatzen duena.
Ildo horretatik, ETAk dio bere asmoa dela "bi proiektuen arteko talka konfrontazio demokratikoaren bidez gainditzea, biolentzia, muga eta injerentziarik gabe", baina horretarako "alde guztiek" euskal herritarrek erabakitakoa errespetatzeko konpromisoa hartu behar dutela.
Era berean, nazioarteko eragile eta bitartekari ospetsuek Euskal Herriko gatazkaz egindako adierazpena "garrantzitsutzat" jo du ETAk, baina horri buruzko gogoeta sakonagoa aurrerago egingo duela adierazi du. Aurreratu du, ordea, beren iduriko "erantzun armatuaren desaktibazioak ez duela gatazka politikoa konpontzen", eta berretsi du "alde guztietako konpromiso eta bermeak" behar direla,"irtenbide sendo eta iraunkorra bermatuko duen agertoki demokratikoa eraikitzea".
Politika
"Frantziako poliziaren heriotza" bere "gogoz kontrara" gertatu zela dio ETAk
Erakunde armatuaren agiria plazaratu zuen atzo =lGara==http://www.gara.net=lk, eta Dammarie-les-Lyseko tiroketaren inguruko azalpenak jasotzen dira. Tiroketa Frantziako poliziako kideek hasi zutela ziurtatu du ETAk. Bestalde, nazioarteko eragileen ekarpena "garrantzitsua" dela dio, baina ohartarazi du "erantzun armatuaren desaktibazioak ez duela gatazka politikoa konpontzen". Frantziako Poliziak gezurtzat jo ditu ETAren azalpenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu