Politika

Frantziako poliziaren hilketa gaitzetsi, eta baldintzarik gabeko eta berehalako su-etena eskatu dio ETAri Currinek

Era berean, ezker abertzaleak erakunde armatuari egindako eskaera "itxaropenez" hartu du bitartekari hegoafrikarrak; hau da, indarkeriarik gabeko bitartekoen babesa berresteko galdegin izana. Atzo iluntzean plazaratu zuen Paris inguruan gertatutako tiroketa eta heriotzari buruzko iritzia emateko agiria ezker abertzaleak, eta konpromiso "zehatz eta argiak" eskatu dizkio ETAri.

2010eko martxoaren 18a
15:11
Entzun
Herenegun Dammarie-les-Lysen gertatutako hilketa "inolako baldintzarik gabe" gaitzetsi du Brian Currin gatazketan aditu hegoafrikarrak gaur goizean plazaratu duen agiri baten bidez. "Bere lana betetzen ari zela, hau da, Dammarie-les-Lys hirian legea eta ordena mantenarazten, hildako frantziar polizia errugabearen hilketa zilegitasunik gabe inolako baldintzarik gabe gaitzesten dut. Indarkeriak, edozein eratakoa dela eta edonork erabiltzen duela ere, ez du gatazkaren konponbidea ekarriko", dio Currinek plazaratu duen agiriak.

Nolanahi ere, bitartekari hegoafrikarra itxaropentsu agertu da Dammarie-les-Lyseko gertakariei ezker abertzaleak emandako erantzunarekin. Izan ere, konpormiso "zehatz eta argiak" eskatu dizkio ETAri sektore politiko horrek, eta bide politikoen aldeko jarreran berresteko galdegin. "Ezker Abertzaleak ETAri egindako eskaerak itxaropena sortu dit, hau da, Zutik Euskal Herria adierazpen politikoan jasotzen diren indarkeriarik gabeko bitarteko erabat demokratikoen babesean berrresteko eskaerak", dio.

Currinek berak ere eskaera zehatza egin dio erakunde armatuari: berehala baldintzarik gabeko su-etena emateko. Urrats hori eginda, hurrengoa egiteko ardura Espainiako Estatuaren esku geratuko litzatekeela nabarmendu du.

Azkenaldian Currinek hainbat hitzaldi eman ditu Euskal Herriko gatazkaz, eta, besteak beste, ezker abertzaleak Zutik Euskal Herria adierazpenaren bidez hartutako norabidea goraipatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.