• 1. artikulua. Interneteko hornitzaileek sarrera ukatu beharko diete proxenetismoaren aurkako legea urratzen duten webguneei, nahiz eta atzerrian ukan egoitza. Eztabaidan aurkeztu orduko, zailtasunak agertu dira. Frantziako Gobernuak jakinarazi du ez duela begi onez ikusten Interneten iragazki zerbitzua eginen lukeen hori ez izatea erakunde independente bat.
• 2. artikulua. Delinkuentziaren eta emazteen trafikoaren aurkako batzordeetan egitura bat sortuko dute, prostituzioaren biktimen aldeko ekinbideak antolatu eta sustatzeko. Baionan, egun, egitura horietan biltzen dira polizia, prokuradorea, gizarte zerbitzuak eta gizarte eragileak.
• 3. artikulua. Prostituta guztiek babes eta laguntza ukanen dute gizarteratzeko. Prostituziotik ateratzeko «ibilbide» bat ezarriko da plantan, alegia, lan mundura sartzeko eskaintza eta formakuntza plana.
• 4. artikulua. Aurrekontuetan funts bat osatuko da prostituzioaren aurreikuspena egin eta gizarte laguntzak eskaintzeko. Aitzineko artikuluari baliabideak eskaintzea da xedea.
• 6. artikulua. Agiririk ez duten emazteen kasuan, sei hilabeterako egonaldia baimentzen duten paperak emanen zaizkie prostituziotik ateratzeko engaiamendua hartzen badute.
• 13. artikulua. Bertan behera geldituko da «amuarena» egiteagatik, alegia, bezeroak erakartzeagatik prostitutek orain artean zeukaten zigorra.
• 15. artikulua. Pertsonen gorputza salgai gisa baliatzearen aurkako borroka eskoletan landuko da.
• 16. artikulua. Prostituten bezeroek bosgarren mailako isuna ordaindu beharko dute. Delitua berriz eginez gero, isuna 7.500 eurokoa izan daiteke. Eztabaida handiak daude zigor ekonomikoaren inguruan, bereziki delitua berresten delarik.
• 17. artikulua. Bezeroei espetxe zigorra ezar diezaiekete, edota prostituzioaren errealitateaz ohartarazteko sentsibilizazio ikastaldia egin beharko dute, delitua berriz eginez gero.
• 19. artikulua. Bezeroak erakartzea zigortzen duen araua bertan behera geldituko da, legea indarrean sartu eta sei hilabetera. Indarrean dagoen legeak prostitutak zigortzen ditu era «aktibo edo pasiboan» bezeroak erakartzeagatik.