Eutanasiari bide ematen zion lege egitasmoari bidea moztu diote Frantziako Senatuan. Gizarte gaietako batzordeak hainbat zuzenketa ezarri zizkion joan den urtarrilaren 18an Senatuak berak onartutako lege egitasmoari, eta, besteak beste, proiektuaren atal nagusia bertan behera geratu da.
Hain zuzen ere, lehenengo artikulua baliogabetu dute. Artikulu horrek baimena ematen zien gaitz sendaezina duten gaixoei mediku laguntza eskatzeko, minik gabeko heriotza azkarra bermatze aldera. Alegia, artikulu horrek eutanasia aktiboari bide ematen zion. Izan ere, gaur egun eutanasia pasiboa legezkoa da Ipar Euskal Herrian eta Frantzian. Hau da, botikak eta mediku arta jaso nahi ez dituzten gaixoek eskubidea dute horretarako. Ika-mika handia izan da azken astean Frantzian gai honen harira.
Frantziako Alderdi Sozialistako (PS) senatariak agertu dira gogorren atzo Senatuko batzordeak hartutako erabakiaren aurka. Manuel Valls diputatuak hauxe adierazi zuen atzo: «Hipokrisiari aski dela esan behar diogu. Egun eutanasia mota bat bada legez eta izatez, eta neuk nahiago dut Belgikan edo Herbehereetan bezala egitea, non duintasunez hiltzeko eskubidea legez arautu duten».
Eutanasia aktiboa arautzen zuen lege egitasmoa UMP, PS eta PCko hiru senatariren proposamenen bat-egitearen ondorioa zen. UMP barruan desadostasun handiak eragin ditu. Hainbesteraino, ezen joan den astelehenean François Fillon lehen ministroak berak (UMP) halaxe idatzi zuen Le Monde egunkarian: «Afera da jakitea ea gizartea prest dagoen arau dadin heriotza emateko eskubidearen gainean. Uste dut marra hori ezin dugula gainditu».PSko kide guztiak ere ez dira bat etorri egitasmoarekin.
Ipar Euskal Herrian eta FrantzianLeonetti Legea dago indarrean 2005etik. Lege horrek eutanasia pasiboa arautzen du. Horren arabera, gaixo terminalak aukera du mediku tratamendua gelditzeko, eta, mina arintzeaz gain, heriotza ekarrikodioten botikak eskatzeko.
Frantziako Senatuak eten egin du eutanasiari bide emateko legea
Gizarte Gaietako batzordeak amaiera eman dio ika-mika handia eragin duen lege proiektuari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu