politika

Frantziako tiroketa bere "gogoz kontrakoa" izan zela esan du ETAk

Jendarme bat zauritu egin zuen, tiroz, eta Poliziak ustezko bi etakide atxilotu zituen. Frantzia eta Espainiari egotzi die tiroketa. Erakunde armatuak dio "behin betiko konponbide demokratikoa eta konfrontazio armatuaren amaiera ahalbidetuko dituen egoera eraikitzeko lanean" jarraitzen duela.

2011ko apirilaren 25a
18:00
Entzun

Duela bi aste pasatxo Frantzian Poliziarekin izandako tiroketa "ETAren gogoz kontrakoa" izan zela esan du gaur euskal erakunde armatuak, Gara-ra bidalitako oharrean. "Ustekabeko enfrentamendu" deitu dio tiroketari, eta Frantzia eta Espainiari egotzi die.

Jendarme bat zauritu egin zen tiroz, eta ustezko bi etakide atxilotu egin zituzten Poliziak —Itziar Moreno eta Oier Gomez—. Apirilaren 10ean atxilotu zituen biok Frantziako Poliziak, aurreko egunean kontrol batetik ihes egin nahian jendarme bat zauritzea leporatuta. Epaileak espetxera bidali zituen.

Ezker abertzaleak kritikatu egin zuen orduko gertaera: "ETAk su-etenerako hartutako konpromisoak ez datoz bat tiroketarekin; ulertezina eta onartezina da". Sortuk "gaitzetsi" egin zuen tiroketa, eta erakundeari dei egin zion "beharrezko neurriak har ditzala, antzeko jazoerak eta indarkeriazko izaera duten beste edozein etorkizunean berriz gerta ez daitezen".

ETAk gaurko oharraren bidez joan den urtarrilean emandako su-etenaren apustua berretsi du. "ETAk behin betiko konponbide demokratikoa eta konfrontazio armatuaren amaiera ahalbidetuko dituen egoera eraikitzeko lanean dihardu, urtarrilaren 10eko agirian Euskal Herriari jakinarazi erabakien ildotik". 

Euskadi Ta Askatasunaren prentsa oharra

Apiril hasieran Frantziako jendarme eta ETAren gudarien artean izandako enfrentamenduen inguruan, honokoa adierazi nahi dugu:

1.- ETAk ulertzen du euskal jendartean eta euskal eragileen artean gertakariok eragin ahal izan duten kezka. Zentzu horretan, ustekabeko enfrentamendu hauek ETAren gogoz kontrakoak direla gogorarazi nahi dugu.

2.- Espainia eta Frantziako estatuen itsukeria errepresiboaren ondorioz, azken asteotan Bilbo, Galdakao, Willencourt, Neuville, Legorreta eta Beran jazo diren gertakari larrien kate luzearen beste maila bat da. Hortaz, ETAren borondateari eta euskal jendartearen nahiari muzin eginez, euskal herritarrak jazarri, atxilotu, torturatu eta espetxeratzen dituzten Espainia eta Frantziako gobernuek eta beren indar armatuek dute gertatutakoaren ardura osoa.

3.- ETAk behin betiko konponbide demokratikoa eta konfrontazio armatuaren amaiera ahalbidetuko dituen egoera eraikitzeko lanean dihardu, urtarrilaren 10eko agirian Euskal Herriari jakinarazi erabakien ildotik.

Gora Euskal Herria askatuta!

Gora Euskal Herria sozialista!

Jo ta ke independentzia eta sozialismoa lortu arte!

Euskal Herrian,

2011ko apirilaren 19an

Euskadi Ta Askatasuna

E.T.A.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.