Frantzian gutxienez 50 lagun hil dira ekaitzaren ondorioz

Espainian, Alemanian eta Azoreetan ere hildakoak eragin ditu denboraleak, baina jadanik baretu da

Erredakzioa
Donostia
2010eko martxoaren 2a
00:00
Entzun
Euskal Herria atzean utzi eta Europan barna jarraitu zuen larunbat gauean Xynthia denboraleak. Frantziari oso bortitz erasan zion; Vandee eta Charente-Maritime departamenduetan, batez ere, haizearen ufadak oso biziak izan ziren, eta euria gogotik bota zuen. Ondorioak aski larriak izan dira: denboralearen ondorioz gutxienez 50 lagun hil direla onartu zuten atzo Frantziako agintariek. Egoeraren larritasunaz jabetuta, Nicolas Sarkozy Frantziako Gobernuko presidenteak larrialdizko laguntzak hitzeman ditu gehien kaltetu diren lekuentzat.

Frantziako Barne ministro Brice Hortefeuxek «ezohikotzat» jo du ekaitzaren indarra. Denboraleak eta marea gorak bat egin zutela nabarmendu du, eta horri egotzi dio, batez ere, hondamendia. Nolanahi ere, jazoera hori dela eta, hainbat ahots kritikok gogorarazi dute itsasertzeko zenbait eraikin ez daudela leku egokietan eginda, eta salatu dute urari aurre egiteko zenbait dike ez direla behar bezain sendoak. Horren harira, halako jazoerak saihesteko neurriak eskatu dituzte.

Alemaniari ere bortizki erasan dio ekaitzak; gutxienez hiru lagun hil ditu. Igandean estatuko autobide nagusia itxi behar izan zuten, A3a, eta Frankfurteko tren geltokiko jarduna ere bertan behera laga behar izan zuten.

Azoreetan ere (Portugal) gogor jo zuen atzo ekaitzak. Uharteetako batean, autobus bat eraman egin zuen ur korronte bortitz batek, eta autobuseko gidaria hil egin zen. Autobusean inguruko ikastetxeko eskola bateko eskola umeak zihoazen, eta haurretako bat, neskato bat, galduta zegoen atzo.

Burgosen (Espainia) larunbat iluntzean bi lagun hil ziren; araztegi batean sortu zen arazoa konpontzera zihoazela auto istripuan zendu ziren, haizeak botatako arbola bat jota.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.