«ETAk bortizkeria uzten duela jakinarazten duenean Frantziako Gobernuak zer errango duen jakiteko goizegi da». Horra Romain Nadal Frantziako Atzerri Ministerioko bozeramaileordeak Euskadi Irratian errandakoa, ETAk jarduera armatua uzten duela jakinarazteko agiria agertu baino ordu batzuk lehenago.
Orain ETAren partetik urrats hori eginik, Frantziako Estatuak zer joera ukanen duen ez da, beraz, argi. Astelehenean, Nazioarteko Bake Konferentzian sei adituk elkarrizketarako deia egin zieten. Horri begira ez zuen iritzirik adierazi Frantziako Atzerri Ministerioko bozeramaileak.
Haatik, Espainiari doakioadituei erantzutea, Bernard Valero Frantziako Atzerri Ministerioko bozeramailearen ustez, «haren etxean, lurraldean kausitzen den arazo bat delako». Hori adierazi zuen atzo eguerdian, France Bleu irratian. Frantziaren «erantzukizuna» ETAren aurkako borrokan Espainia laguntzea dela gehitu zuen. «Espainiak terrorismoaren aurka eramaten duen lanean elkartasunezko mobilizazioa adieraztea da gure erantzukizuna», Valeroren hitzetan.
Elkarlan hori arlo polizialean eta judizialean eraman beharrekoa dela zehaztu zuen. ETAk bortizkeria erabiltzeko «eskubiderik ez duela» erranik, adierazteko, inplikatzeko eta politikaren bidean engaiatzeko Espainiak «espazio demokratikoa» daukala gehitu zuen.
Ber mezua entzunarazi zuen Nadalek Euskadi Irratian. Bortizkeriaren bukaera lortzeko laguntzeko «prest» direla zehaztu zuen, eta gehitu Espainiak eginen dituen urrats guztiak Frantziak «babestuko» dituela.
Paristik etorri mezua ez dator bat, beraz, Ipar Euskal Herriko hautetsiek egin mezuekin. Bake konferentzian egondako alderdi politiko guztietako hautetsiak ados ziren erraiteko Frantziako Estatua Euskal Herriak duen gatazka politikoaren barne dela.
Bi mezu
«Frantziak gatazkaren ondorioak bizi ditu, eta, horregatik, horren konponbidean ere parte hartu behar du», adierazi zuen argiki Max Brisson UMPko kontseilari nagusiak. Frederique Espagnac Frantziako senatariak ere azaldu zuen gatazka gainditzeko «aukera guztiak» daudela eta «eragile guztiek mahai baten inguruan bildu behar dutela eta bakea eraiki ondoko belaunaldientzat.
Jean Rene Etxegarai Baionako hautetsia ere argiki mintzatu zen:«Bi estatuek beharko dute negoziazio prozesuan parte hartu, bestela, ez dugu lortuko prozesua bururaino eramatea».
Konponbidea sustatzeko nazioarteko konferentzia. Erreakzioak
Frantziaren joera zein izanen den jakiteko «goizegi» dela dio Parisek
ETAk agiria plazaratu baino lehen mintzatu zen Frantziako Atzerri Ministerioko bozeramailea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu