Lurralde elkargoa

Frantziaren mespretxua salatzeko, manifestazioa antolatu du Batera-k

Azaroaren 30ean eginen dute manifestazioa, Maulen. Ikastola eta euskarari begira zein lurralde elkargoaren aldarriari buruz Frantziako Gobernuak duen "mespretxua" salatuko dute.

Jenofa Berhokoirigoin.
2013ko irailaren 24a
16:46
Entzun

Usu Baionan egiten dira Ipar Euskal Herriko manifestazioak, baina aldi honetan Zuberoan egitea erabaki dute: "Euskal Herriak garapen koherente bat behar du, bai barne aldea bai kostaldea kontuan hartuko duen garapena; horregatik dugu Maulera deitzen".

Goiz honetan egin dute prentsaurrekoa, Baionan. Bertan, hitza hartu dute Martine Bisauta, Jakes Bortairu, Nikolas Blain, Paxkal Indo, Juliette Bergouignan eta Sebastien Castet Batera-ko kideek.

Ipar Euskal Herriko Hautetsien Kontseiluak lurralde kontratu berri bat osatzearen alde kokatu izanari buruz ere irakurketa plazaratu dute: "Hitzarmen horri buruz negoziatzen hasteak ez du esan nahi lurralde elkargoaren aldarriari uko egiten zaiola", Bortairuren hitzetan. Hori dela eta, "bi frontetan mobilizaturik" segituko dutela diote, "ahal bezain eduki aberatsa duen hitzarmena lortzeko" eta ezagupen instituzionalaren aldeko borroka aitzina eramateko gisan.

Hitzarmenaren edukia Frantziako Gobernuaren borondatearen isla izanen dela diote. Hitzarmen hori "koherentea" izatea eskatzen du Batera-k. Eduki ahal bezain aberatsa lortzeko gisan, kontratua "modu determinatuan" eskatzearen alde da Batera, nahiz jakin hori ez dela nahikoa: "Lurralde hitzarmena nahikoa ez izaki, laster lurralde elkargoaren beharra agerian geldituko da berriz ere".

Lurralde kontratuak 2014. urtetik 2017. urtera balioko du. Prozedurari dagokionez, abendura arte hitzarmen berrian zer kokatu nahi duen landuko du Hautetsien Kontseiluak. 2014ko lehen seihilekoan, proposamena idazteko asmoa du, eta ondoko sei hilabeteetan, estatuarekin, Akitaniarekin eta Departamenduarekin negoziatu eta hitzarmena izenpetzea espero du.

Azaroaren 30eko manifestazioa 15:00etan abiatuko da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.