Juan Mari Mujika Dorronsoro iheslari politikoaren atxiloketa «irmo» salalatu du Euskal Herriko gatazkaren konponbide integralaren aldeko mugimenduak. Herenegun Frantziako Poliziak eta Guardia Zibilak elkarrekin egindako polizia operazioan atxilotu zuten Mujika, ETArekin lotura duelakoan, eta atzo Seysseseko kartzelan espetxeratzeko agindua eman zuen Paueko Auzitegiak. Konponbidearen aldeko mugimenduak ohar batean nabarmendu du Mujika euroagindu baten mehatxupean dagoela eta azken urteotan «poliziaren jazarpen bortitzak» pairatu dituela.
Halaber, salatu du Frantziako Estatuak ez duela bake prozesuarekin engaiatzeko asmorik, eta bake prozesuari begira duen asmo bakarra «errepresioa» dela. Hala, dei egin die herritarrei mobilizazioen bitartez bai Frantziako bai Espainiako estatuak «errepresio mota guztiak bertan behera uztera behartu» ditzaten, «aterabide politikoarekin» engaiatu daitezen: «Epaiketa politikoak, errepresio mota guztiak eta legeria bereziak bertan behera geldi daitezen eskatzen dugu».
Euskal Herriko gatazkaren konponbide integralaren aldeko mugimenduak gogoratu du Aieteko Adierazpenetik hamasei atxiloketa egin direla Frantzian, eta Barne ministro Manuel Vallsek «terrorismoaren aurkako» politikari eutsiko diola agindu duela. «Baldintza horietan prozesu bat martxan jartzea ezinezkoa da», ohartarazi du mugimenduak.
Euroaginduaren zain
Paueko Auzitegiak datorren asteartean aztertuko du Mujikaren aurkako Espainiaren euroagindua. Espainiaratzeko prozedura gauzatu edo ez erabaki bitartean, baina, espetxera bidaltzea ebatzi zuen atzo auzitegi horrek. Goizean eraman zuten Mujika Paueko Auzitegira, eta, Jean-Bernard Rouch fiskalak eskatuta, behin-behinean espetxeratzea erabaki zuten. Izan ere, haren esanetan, ez dago bermatuta Mujika epailearen aurrean agertuko den, eta gainera, egotzitako delituek 20 urteko kartzela zigorra dute.spainiaratze prozesua asteetan edo hilabeteetan luza daiteke, defentsak helegitea aurkezten badu.
Atzo Jean-François Blanco defentsa abokatuak euroagindua aztertu bitartean Mujika aske uzteko eskatu zuen. Halaber, kexu agertu zen Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroak atxiloketa iragarri zuelako ordu batzuk lehenago: «Espainiako ministroak erabilitako prozesu politikoa da», adierazi zuen.
Euroagindu eskaera ez da oraindik Paueko Auzitegira iritsi, eta epaileek Schengen fitxa bakarrik daukate. Hargatik, defentsa abokatuak salatu du ez dagoela arrazoirik Mujika espetxean sartzeko.
Elkarretaratzeak
Astearte arratsaldean bertan egindako lehen mobilizazioaren ondotik, beste elkarretaratze eta protesta batzuk egin ziren atzo atxiloketa salatzeko. Beasaingo (Gipuzkoa) CAF enpresako langileek bilkura egin zuten goizean, Mujika hango lankidea baitzen. CAFeko Langile Batzordeak ohar batean adierazi zuen Espainiako Gobernua «Frantziakoaren laguntzarekin» Euskal Herrian zabaldu den ziklo politiko berria izango ez balitz bezala jokatzen ari dela: «Etengabeko atxiloketa jarioarekin errealitateari bizkarra ematen ari dira». Modu horretan, euskal gizartearen gehiengoaren nahiaren kontra ari direla salatu zuen.
Arratsaldean, berriz, Mauleko polizia etxearen aurrealdean elkarretaratzea egin zuten 40 lagunek, Juan Maria aska! Errepresiorik ez! Erabaki demokratikoa orain! lelopean. Bihar ere bilkurara deitu dute, Mauleko Gurutze Zuriaren aurrean, 10:30ean.
Frantziari «errepresioa» alboratzeko eta bakearekin engaiatzeko eskatu diote
Juan Mari Mujika espetxeratu egin dute, eta asteartean haren aurkako euroagindua aztertuko dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu