Hainbat arrazoi idatzi ditu tribunalak epaian, Udalbiltzaren zein hango kideen eta ETAren artean loturarik ez dagoela argudiatzeko. Hona hemen pasarte esanguratsuenak:
Diru kontuez. «Poliziako funtzionarioen logika bera jarraituz gero, ikastolek eta euskal hedabideek jasotzen dituzten donazio ez anonimoei buruz ETAri kontuak eman behar izaten diela ondoriozta daiteke, eta hori absurdua da. Bestalde, ETAk aipatzen duen guztia bere kontrolpean dagoela dion premisak (...) euskal kultura, kirola, ideia independentista edo subiranistak kriminalizatzea dakar. Horrenbestez, logika guztiaren kontra talde kriminalen borondatea da zuzenbide estatu sozial eta demokratikoan onartutakoaren muga, eta ez herri subiranotasunean jatorria duten legeak».
Talde terroristako kide izateaz. «Estatu demokratiko batean zigor alorretik kanpo geratzen dira ekintza politikoak, iritziak eta manifestazio ideologikoak, haiek gustatu edo ez, gehiengoarenak edo gutxiengoarenak izan, partekatuak izan edo ez. Eta hala dira gehiengoari nazka ematen diotenean ere; atentatu terroristen aurrean isiltasunak edo kondena ezak sortzen duten gisan».
«Zilegi da bide baketsuak erabiliz ideia guztien defentsa—baita sezesionista eta subiranistena ere— eta haiei dagokien proiektu politikoen garapen eta defentsa. Horrek ez du arau konstituzionalaren aurkako erasorik adierazten, eta ezin da horregatik herritarren edo hautetsien batzar bat legalitate alternatibotzat jo».
«Ez da eztabaidarako gaia Konstituzioak bide baketsuetatik edozein ideia defendatzea ahalbidetzen duela; baita Konstituzioa bera edo Estatuaren egungo osaketa aldatzea aldarrikatzen duten ideiak ere».
'Zutabe' eta agiriez. «Ondorio logikoa da ETAk data horretan ez duela Udalbiltza kontrolatzen, eta, beraz, Udalbiltza ETAren proiektua dela dioen hipotesiak ez du balio. Hautetsien batzarra ideia eta proiektu abertzalea da, besterik gabe, ez proiektu terrorista».
«Tribunalaren iritzian, dokumentu hauek dira akusazioaren tesiaren ahultasunaren froga. Beren jarrera indartzen duten zatiak hartzean oinarritzen dira, hari balioa kentzen dioten beste zatiak kontuan hartu gabe».
Herri plataformen sorreraz. «Talde politiko, koalizio, hautesle elkarte edo bozetan parte hartzeko beste bide batzuen ilegaltasunak ez du nahitaez adierazten haren sustatzaile, bultzatzaile edo koordinatzaileak erakunde terrorista bateko kide edo laguntzaile direnik; hau da, Alderdien Legeak eta ondorio penalek ez daukate kausa-ondorio harremanik».
Naziotasunaz. «Naziotasuna hasieratik agertzen da herrien biltzarreko helburu gisa. Ez da ETAren inposizioa, eta are gutxiago talde terroristaren ideia originala; baizik eta nazionalista ororen zilegizko xedea da».
«Laburtuz, eztabaidatu daiteke ekimena legezkoa den edo ez, baina inolaz ere ez du delitu izaera, eta dagoen terminoetan ezin daiteke delitu ekintza baten zantzu gisa ere hartu».
Nazioarteko biltzarraz. «Berriro ere zuzenbidean onartezina den ondorio bat atera nahi da, hau da, ekintza edo ekimen batean parte hartzen badute gerora ETArekin zerikusia izateagatik inputatu edo zigortu diren pertsonak, kutsadura bidez, haiekin harremana duen guztia ETA dela».
Frogez, orokorrean. «Ondorioz, ez da frogatu Udalbiltza ETAren proiektua denik edo talde kriminalaren kontrol edo zuzendaritzapean dagoenik. ETAk bere delitu jarduera justifikatzeko aldarrikatzen dituen helburuak eta Udalbiltzarenak bat etortzea edo sintonia izatea ez da delitua».
Epaiaren pasarteak
Frogarik gabeko akusazioak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu