Fukushiman isuritako erradiazio partikulak atzeman dituzte Bilbon

Zesio eta iodo mailan nabaritutako igoera «arina» da eta ez da arriskutsua, Espainiako CSNren arabera

jon olano
2011ko apirilaren 1a
00:00
Entzun
Japoniako Fukushimako zentral nuklearrak isuritako erradiazioaren partikulak aurkitu ditu Bilbon CSN Espainiako Segurtasun Nuklearraren Kontseiluak. Hain zuzen, airean iodo 131, zesio 137 eta zesio 134 mailen igoera «arin» bat nabaritu du kontseiluak. Hala ere, maila horiek «oso baxuak» direla eta, beraz, osasunarentzat eta ingurumenarentzat ez direla kaltegarriak nabarmendu du Rosario Salas CSNko ingurune erradiazioaren zaintza zuzendariak.

CSNk Bilbon du erradiazio maila neurtzeko estazioetako bat. Han, iodo 131 partikularen metro kubikoko 0,9 milibekerelio atzeman dituzte; zesio 137aren 0,077; eta zesio 134aren 0,073. Salasek azaldu duenez, datuak ez dira kezkagarriak, 400 milibekereliora iritsi arte, ez baitago arriskurik. Martxoaren 25a eta 28a bitartean egin zituzten neurketak. Eusko Jaurlaritzako Industria Sailak erradiazioa neurtzeko estazioak ditu Donostian eta Gasteizen ere, eta jasotako informazioa CSNri ematen diote; kontseiluak, ordea, ez ditu datu horiek jakinarazi.

Salasen arabera, emaitzak Europako beste hiri batzuetan jasotakoen «oso antzekoak» dira. Erradiazioaren igoerak ez du ustekabean harrapatu; datuak «aurreikusteko modukoak» zirela esan du, jakinaren gainean zeudelako Fukushimatik laino bat zetorrela.

Espainiara ailegatu den erradiazio mailaz «argi informatzeko» eskatu dio CSNri Francisco Castejon Ecologistas en Accioneko gai nuklearrei buruzko eledunak. Dioenez, Japoniatik datorren lainoa gai «lurrunkorrez» dago osatua. Horregatik, erradiazioa Espainiara iritsi izana ez dela harritzekoa gaineratu du. Erradiazio maila ez dela «kezkatzekoa» ziurtatu du Castejonek, baina gertatutakoaz ikasi behar dela iritzi dio: «Erradiazioak ez du mugarik; gure zentral nuklearren egoeraz kezkatu behar dugu, baina baita beste herrialdeetakoez ere, urrun badaude ere».

Erraz hedatzen diren gaiak

Eguraldiak garrantzia du partikula erradiaktiboak zabaltzerako orduan. Haizeak hedatu egiten du airez erradiazioa, eta, aldi berean, haren eragin kaltegarria apaltzen du. Zenbat eta distantzia luzeagoa egin, orduan eta gehiago hedatzen dira partikulak, eta ez dira hasieran bezain arriskutsuak. Euriak lurreratu egiten ditu partikula kutsakorrak, atmosferaren erradiazio maila txikituz, baina, era berean, lurrarena handituz. Itsasoan, erradiazioak algei eta planktonari eragiten die. Horiek arrainen elikagai iturri diren heinean, elikagai kate oso bati egin diezaioke kalte erradiazioak.

Bilbon hautemandako gaiei dagokienez, iodo 131 zortzi egunean desegiten da; zesio 134a, bi urtean, eta zesio 137a, 30 urte inguruan. Hiru gaiek pertsonen osasunean izan dezaketen eragina ere aldakorra da, gaiaren, erradiazio mailaren eta esposizio eraren arabera. Iodoak eta zesioak minbizia izateko arriskua areagotzen dute, besteak beste.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.