Fundazioen ugaritzea

Euskal Herriko erakundeetan ordezkaritza duten alderdi politikoen fundazioentzat 350.000 euro emango ditu aurten Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak.

jokin sagarzazu
2011ko otsailaren 1a
00:00
Entzun
Azken urteetan ugaritu egin dira, bereziki alderdiak finantzatzeko legeak diru laguntza anonimoen debekua ezarri zuenetik. Hego Euskal Herriko erakundeetan ordezkaritza duten alderdi gehienek sortu dute fundazioaren bat. Modu organikoan lotuta dauden fundazioez gain, alderdi zehatz batzuekin lotura duten fundazioak ere badaude, eta horietako gehienak ETAren indarkeriaren biktima izan diren politikarien izena dute. Alderdiaren ideologia gizarteratzea da fundazioen helburu nagusia. Badira, halere, fundazioak alderdiak finantzatzeko erabiltzen direla uste dutenak.

Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdien fundazioek 350.000 euro jasoko dituzte aurten, Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailaren partetik. EAJren Sabino Arana fundazioak 195.111 euro jasoko ditu, PSE-EEren Ramon Rubialek 78.863, PPren Fundacion de Estudios Vascos-ek 44.921, EBren Idi Ezkerrak 13.235, UPDren Progreso y Democracia fundazioak 6.052, Aralarren Ezkerraberrik 5.562 eta EAren Alkartasunak 2.848.

UPDren fundazioaren kasuan ikus daitekeenez, diru laguntza horiek eta alderdiek Legebiltzarrean duten pisuak ez dauka lotura zuzenik. Jaurlaritzako Kultura Sailak dioenez, fundazioek iaz egindako ekimenen arabera banatuko ditu diru laguntzak. UPDren fundazioa, baina, ekimen gutxien sustatu duen fundazioa izan da. Hauek dira: EAEko herri mugimenduen gaineko dokumental baten ekoizpena, 1978ko Espainiako Konstituzioari buruzko jardunaldi bat eta fundazioaren webgunea euskaratzea.

Legearen babesa

Alderdien finantzaketan bezala, administrazio publikoen eta gizabanakoen zein enpresen diru laguntzak jaso ditzakete fundazio horiek guztiak. Baina bigarren finantzaketa modu horri dagokionez, legea malguagoa da fundazioen kasuan. Hala, 120.000 eurora iristen ez diren diru laguntza pribatuak anonimoak izan daitezke —gehienezko diru laguntza pribatua 150.000 eurokoa izan daiteke—.

Zenbait adituk ez dute begi onez ikusten alderdien eta fundazioen arteko bereizketa hori. «Malgutasunak ez dauka justifikaziorik; hutsune horietaz balia daitezke alderdiak baliabide batzuk fundazioen bidez bideratzeko», dio Pilar Cubilas legelariak.

Euskal Herriko alderdien fundazioen artean EAJren Sabino Arana fundazioa da aitzindaria. 1988. urtean sortu zen, eta Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburu ohi Juan Mari Atutxak zuzentzen du gaur egun. 1.500 bazkide inguru ditu, eta zuzendaritza taldea 50 bat pertsonak osatzen dute, fundazioaren «lagunek» aukeratuta.

Diru laguntza publikoak dira horren finantzaketa iturri nagusia; horri gehitu behar zaizkio fundazioaren lagunek egiten dituzten ekarpenak. Diru sail horiekin Euskal Abertzaletasunaren Museoa, Hermes aldizkaria eta eztabaida foro bat finantzatzen dituzte, besteak beste. Era berean, Sabino Arana sariak ematen dituzte urtero. Igandean eginiko ekitaldian Frank Gehry arkitektoak, Pedro Miguel Etxenike zientzialariak, Ignacio Sanchez Galan Iberdrola energia konpainiako presidenteak, Gureak Taldeak, Virginia Berasategi triatletak eta Helena Taberna zinema zuzendariak jaso zuten saria. Iaz, Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakaria izandakoa, Real Sociedad futbol taldea eta Altuna y Uria enpresa izan ziren saridunak.

Sabino Arana fundazioak bezala, gainontzeko alderdien fundazioek ere ez dituzte jakinarazten euren bazkide edo enpresa laguntzaileen izenak. PSOEren Ramon Rubial fundazioaren kasuan, Eusko Jaurlaritza eta Bizkaiko eta Arabako foru aldundia aipatzenditu bakarrik.

EAJren fundazioak bezala, PSE-EErenak ere sariak banatzen ditu: iaz, besteak beste, Repsol-YPFk, Mercedes Benzek, Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Gobernuko Barne ministroak eta Nelson Mandela fundazioak jaso zuten Ramon Rubial saria.

Fundazio gazteenak Aralarren Ezkerraberri eta EAEko PPren Fundacion de Estudio Vascos dira. Ezkerraberrik hainbat hitzaldi antolatu ditu azken bi urteetan, Kataluniako eta Kurdistango egoerei buruzkoak, besteak beste. PPren fundazioak aurten eginiko ekimenen artean, Alfonso Basagoiti alderdiko presidente Euskaltzaindira eginiko bisita nabarmendu dute fundazioko kideek.

Fundazioak eta krisialdia

Eusko Jaurlaritzaren Justizia Sailak antolatuta, fundazioei buruzko ikastaro bat hasi zen atzo Gasteizen. Idoia Mendia bozeramaileak azaldu duenez, fundazioen «sektorea antolatu» nahi du Eusko Jaurlaritzak. Fundazioen ugaritzea krisialdi ekonomikoarekin lotu du Mendiak. Haren ustez, erakunde horiek «motore ekonomikoa» dira, eta egin dezaketen ekarpena nabarmendu du, «irabazi asmorik gabeko erakundeak» direlako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.