Funtzionario doktoreen botoek erabakiko dute errektore berria

Sufragio unibertsal ponderatua sistema erabiliko dute lehen aldiz EHUko errektorea aukeratzeko, baina erabakitzeko ahalmena izan duten taldeetan ez du eraginik izango

Asier Iturriagaetxebarria.
BILBO
2004ko otsailaren 27a
00:00
Entzun
Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) bere errektorea aukeratzeko sistema berria dauka: sufragio unibertsal ponderatua. Horrek hainbat aldaketa eragin ditu. Besteak beste, gaur inoiz baino errektoregai gehiagok zazpi izan daitezke aurkeztuko dute euren programa eta zerrenda Leioako campuseko errektoretzan. Beraz, unibertsitate ereduari buruzko eztabaida inoiz baino gordinagoa izango dela ematen du. Hala ere, sufragio unibertsal ponderatua sistema erabiltzeak ez du esan nahi beti indartsuak izan diren taldeek pisua galduko dutenik. Hau da, funtzionario doktoreen botoak erabakigarriak izango dira martxoaren 24an egingo diren hauteskundeetan.

EHU sortu zenetik, Klaustroa izan da errektorea aukeratu duena. Unibertsitateko estamentu guztiak daude ordezkatuta Klaustroan: funtzionario doktoreak, beste irakasle kontratatuak, administrazio eta zerbitzuetako langileak eta ikasleak. Baina estamentu bakoitzak Klaustroan daukan pisua ez da bera, eta nabarmena da funtzionario doktoreek erabakitzeko duten ahalmena.Espainiako Gobernuaren LOU legeak hauteskunde sistema aldatzea ekarri zuen, baina horrek ez du esan nahi botere egiturak irauli direnik. Funtzionario doktoreen botoak erabakigarriak izango dira: ezarritako ponderazioen arabera, %51 balioko dute 1.880 funtzionario doktoreen botoek. Beste 2.030 irakasleen botoek %18 balioko dute eta Administrazio eta Zerbitzuetako 1.442 botoek %11. Kasurik nabarmenena ikasleena da. EHUko 53.715 ikaslek izango dute botoa emateko eskubidea, baina euren botoek %20 baino ez dute balioko. Beraz, funtzionario doktore baten botoak 70 ikasleren botoak adina balio du. Ikasleen Kontseiluko presidente Igor Ortegok esana da sistema berriak ez diela mesederik egiten, lehen Klaustroan %28ko ordezkaritza baitzuten.Hori ondo baino hobeto dakite errektore izateko hautagaiek. Zientzia eta Teknologia Fakultatea, Bilboko Inginarien Eskola, Medikuntza Fakultatea, Ekonomia eta Enpresa Fakultatea, Geografia eta Historia Fakultatea eta Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatea izan dira beti indartsuenak, funtzionario doktoreen kopuru handiena daukatelako. Horregatik, ez da harritzekoa errektore izateko hautagaiak fakultate indartsuenetakoak izatea. Izan ere, hautagairen batek fakultateren batekin negoziatu duela jakitean bertako funtzionario doktore gehienek horren alde egin ohi dute bozketetan.

Fakultate indartsuenetako ordezkari esanguratsuak euren zerrendetan izateaz arduratu dira hautagaiak. Juan Ignacio Perezen zerrenda eredu gisa hartzea baino ez dago, horretaz konturatzeko. Medikuntzako Anton Erkoreka, Gizarte eta Komunikazio Zientzietako Ludger Mees, Geografia eta Historiako Jasone Cenoz eta Inginaritza Eskolako Juan Jose Unzilla aurkeztuko dira Perezekin batera. Errektoregaia bera Zientziakoa izanik, EHUko fakultate indartsueneko funtzionario doktoreen babesa ere izan dezake.

Fakultateen arteko gerrez gainera Zientzia Fakultatea eta Inginaritza Eskolaren artekoak izan ohi dira gogorrenak, beste aldagai batzuk ere zeresan handia izan dezakete errektorea aukeratzeko orduan. CCOO sindikatuak EHUn daukan pisua nabarmena da. 2000ko hauteskundeetan, bi botoren aldeagatik irabazi zion Manuel Monterok Juan Ignacio Perezi etaCCOOko kideek Monteroren alde egin izana erabakigarria izan zen. Gero, 2001 urtean Monterok Gobernu Taldearen erdia aldatu eta gero, CCOOn zatiketa handia izan zela diote. Zatiketa horrek eragina izan dezake aurtengo hauteskundeetan, Javier Muniozgurenen eta Marisol Estebanen hautagaitzek sindikatuaren babesa dutela baitiote.

Campusen autonomia

Hauteskunde sistema aldatzeak hautagai asko izatea ekarri du, eta horrek eztabaida zabaltzea ere ekarriko du. Interesatzen zaizkion hainbat gai irakaslego propioa, euskara eta campusen autonomia, besteak beste hauteskunde eztabaidan ipintzeko asmoarekin aurkeztuko zela azaldu zuen Iñaki Antiguedad Geologia katedradunak. Bestalde, campusen autonomiaren gaiari bete-betean heltzeko asmoa dauka Riverak. Bizkaiko campusekoa ez den lehen hautagaia da Arabako campuseko errektoreordea da, eta bere zerrendan Lander Sarasola Gipuzkoako campuseko errektoreordea izatea lortu du. Bizkaiko campusak duen indarraz ez da ahaztu Antonio Rivera, eta bertan indar handia izan dezakeen Juan Jose Larrea Euskara errektoreordea bere ingurura biltzea ere lortu du.

-

BI ITZULI



Bigarren itzulira begira daude hautagaiak



Hauteskunde sistemaren aldaketarekin, bigarren itzulian erabakiko dira EHUko errektoretza aukeratzeko hauteskundeak. Martxoaren 24an izango da lehenengo itzulia, eta apirilaren 1ean bigarrena. Lehen itzulian hautagairen batek gehiengo osoa lortuz gero, ez litzateke bigarren bozketarik egin beharko. Hala ere, eta zazpi hautagai izan daitezkeela kontuan izanda, oso zaila da inork botoen %51 lortzea. Lehen itzulian boto gehien lortu dituzten bi hautagaien artean erabakiko da apirilaren 1ean nor izango den Manuel Monterori lekukoa hartuko diona.

Sistema berri horrek buruhauste handiak ekarri dizkie hautagaiei, euren zerrendak prestatzean. Juan Ignacio Perezek eta Antonio Riverak, adibidez, erabat itxi barik dituzte euren zerrendak. Bigarren itzulira begira egin dutela hori aitortu dute, babes handiagoa lortzearren, beste zerrendaren bateko norbaiti lekua egin beharko diotela ikusten dutelako. Izan ere, martxoaren 24tik apirilaren 1era negoziazio aste gogorra izango dute lehen itzulian boto gehien lortuko duten bi hautagaiek. Izan ere, eta hauteskunde sistema egituratuta dagoen moduan, baliteke lehen itzulian nabarmen boto gehien lortu dituen hautagaia EHUko errektore ez aukeratzea. Hautagai ezberdinen arteko aliantzak erabakigarriak izan daitezke bigarren itzulirako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.