Ekonomia

Funtzionarioak greban dira, Sarkozyren asmoen kontra

Erosteko ahalmenari eustea eta enpleguen egonkortasuna dira gaurko protesten aldarri nagusiak.

2008ko urtarrilaren 24a
15:46
Entzun
Aitor Renteria

Erosteko ahalmenaren aldeko diskurtsoa izan zen Nicolas Sarkozy Frantziako presidentziara eraman zuen zutabe indartsuenetariko bat. Gaur, aldiz, erosteko ahalmenaren inguruko arrangura Sarkozyren kontrako protesta bihurtu da. CGT, Fo, Fsu, Cfdt, Unsa eta Solidaires sindikatuek grebara deitu dute gaurko funtzio publikoan. Baionan 10:30ean abiatu da manifestazioa, Lan Burtsatik.

Erosteko ahalmenean izan galerak berehala berreskuratzea eskatzen dute sindikatuek. Horrekin batera, soldatak emendatzeko negoziaketei berehala ekiteko eskatzen dute sindikatuek.

Zerbitzu publikoen birrinketa salatzen dute sindikatuek. Horregatik, herritarren behar errealetan oinarritutako zerbitzu publikoak mantentzeko eta plantan jartzeko eskatzen dute. Funtzionario lanpostuen atxikitzeko eta baldintzak hobetzeko eskatzen dute. Kalitateko zerbitzu publikoa iraunkortzea eta bermatzea ezinbestekoa dela deritzote sindikatuek, herritarren beharrei ihardetsiko diena hurbiltasun irizpidetik.

HELBURUA LORTZEKO BALIABIDEAK. LABek bat egin du gaurko grebarekin eta manifestazio deialdiarekin. Alta, egun bakarreko greba helburuak lortzeko aski ote den galdetu die bertze sindikatuei. Langileriak pairatzen duen eraso sistematikoaren aitzinean helburuak lortzeko premia azpimarratu du sindikatu abertzaleak. Frantziako Gobernuaren kontra irabazitako azken borroka gogora ekartzen du. Gazteek, etengabeko mobilizazioen bidez, lehen enplegua zeritzon kontratu mota indarrean ez sartzea lortu zuten.

Esparru publikoan zein pribatuan langileen aurkako urratsak gero eta azkarragoak direla dio. «Borroka eta grebei ukan behar duten zentzua emateko garaia da».

Hezkuntza arloan kalitateko zerbitzu publikoaren aldeko parioa egin behar dela dio sindikatu abertzaleak. «Euskarazko irakaskuntzak baliabide espezifikoak behar ditu, elebidun sistema heda dadin ama eskolan eta lehen mailetan». Bigarren mailan ere, euskarazko irakaskuntzaren sistematizazioa eskatzen du.

Bitartean, Sarkozyk iragarritako gutxieneko zerbitzua jarriko da indarrean, grebalariei kendutako diruarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.