Ekonomia

Funtzionarioentzako %3,5eko igoerari "erreferente negatibo" iritzi dio Confebaskek

Eusko Jaurlaritzako funtzionarioentzako finkatutako soldata igoera, lan konbenioak negoziatzeko tenorean, kaltegarria izango dela uste du EAEko enpresaburuen elkarteak.

2009ko urtarrilaren 21a
17:44
Entzun
Eusko Jaurlaritzako funtzionarioentzako finkatutako soldata igoera, %3,5ekoa, "erreferente negatiboa" izango da EAEko enpresaburuen elkartearen, Confebasken, iritziz. Elkarteko presidente Miguel Lazpiurrek gaur adierazi duenez, "zero hazkundetik hurbil gauden honetan" eta lan konbenioak negoziatzeko garaian, kaltegarria izango da igoera hori.

"Igoera horrek kalte egiten digu", esan du Lazpiurrek Bilbon, Forum Europa. Tribuna Euskadi jardunaldietan. Argudiatu duenez, enpresa gehienak beren ahalmenaren %50ean ari dira lanean azkenaldian. Gainera, ukatu egin du EAEko enpresak krisi ekonomikoa delakoaz aprobetxatzen ari direnik soldaten kostuak murrizteko, lan arautze espedienteen edo bestelako mekanismoen bidez.

"Euskal enpresaburuok nahi dugun azken gauza gure langilerik gabe geratzea da, jakitun baikara gure aktibo nagusia eta gure baliabiderik estrategikoena direla", azaldu du Confebaskeko buruak.

EAEko Administrazioaren zerbitzura diharduten langileen 2009ko soldata igoera onartu zuen atzo Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak. Eta krisiaren arrastorik gabe: akordioak 2008 urtean adostutako soldata bateratuarekiko % 3,5eko igoera orokorra aurreikusten du 2009rako. Soldata igoera zuzena %3koa izango da, horrenbestez, iazko Kontsumorako Prezioen Indize (KPI) tasa baino handiagoa.

Soldata igoerak Administrazio Orokorraren langile funtzionarioei eta laboralei eragingo die: Osakidetza, Ertzaintza eta Herrizaingo Saileko langileei, irakaskuntzan dihardutenei eta Hezkuntza Saileko irakasle eta langile laboralei, baita erlijio irakaskuntzan dihardutenei eta Justizia Administrazioko langile funtzionarioei ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.