Ekitaldi berezia egin dute gaur Gesaltzan, Tejerako mendatean, Ahaztuak elkartearen ekimenez. Izan ere, duela 80 urte, han bertan hil zituzten Primitivo Fernandez de Labastida, eta Florentino Garcia eta Monica Barron senar-emazteak. Nekazariak ziren hirurak, 36, 47 eta 45 urtekoak. 1936ko estatu kolpeaz geroztik zabaldutako errepresioaren biktima izan ziren; haien delitua, berriz, errepublikaren aldekoak izatea. Ez ziren, hala ere, bakarrak izan, Araban 350 eta 400 herritar artean hil zituzten kolpearen ostean.
Labastida, Garcia eta Barron, Arabarekin mugan dauden Burgosko bi herritakoak izren, Santa Gadea del Cid eta Villanueva de Soportilla. Gauez joan ziren haien bila eta autoz eraman zituzten gero tiroz hilko zituzten tokira. Gero desagertutzat emango zituzten denbora luzez, Ahaztuaken eta hiru nekazarien senideen laguntzaz, 2010eko ekainean haien hobiak aurkitu zituzten arte. Astebeteko lanaren ostean, haien gorpuzkinak atera eta hfusilatutako hiru nekazariak zirela frogatu ahal izan zuten. Orduz geroztik, hil zituzten egun eta toki berean gogoratzen dituzte, hildakoen senideek eta Ahaztuak elkarteko kideek.